Gizon bat kartzelara sartu zuten atzo iluntzean, emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Joan den asteburuan izan zen erasoa, Orikainen (Nafarroa). Foruzaingoak jakinarazi duenez, biktimak salaketa jarri ondoren atxilotu zuten akusatua.
Epailearen esku utzi zuten atzo, eta hark akusatua behin-behinean kartzelan sartzea erabaki zuen. Zehazki, magistratuak erran du espetxealdia beharrezkoa dela, «akusatuak ihes egitea saihesteko». Azaldu du egotzitako delitua zein den ikusita hamabortz urte bitarteko zigorra ezarri ahal diotela.
Baionako Auzitegiak, berriz, urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion astelehenean gizon bati, bikotekidea jipoitzeagatik. France Bleu irratiak zehaztu duenez, iragan larunbatean, emakumea Ezpeletako (Lapurdi) etxe batetik atera zen eta bere autoan sartu. Bikotekidea segika zuen eta hura ere autoan sartu zen. Emakumea gidatzen ari zela, gizonak kolpeak eman zizkion: hatz bat puskatu zion eta autoa errepidetik ateratzea eragin zuen. Gizonak emakumea etxera eraman zuen eta berriro jipoitu zuen. Emakumeak etxetik ihes egin zuen eta Ezpeletako elizako komun publikoetan babestu zen. Herritar batzuek deitu zioten poliziari, eta gizona atxilotu egin zuten.