Gizon bat jipoitu zuten atzo gauean Arrigorriagako (Bizkaia) denda batean. Denda horretako saltzailea da. Jipoiak zauri larriak eragin dizkio, eta ospitalean dago. Erasoaren ustezko egileetako bat, 20 urteko gizon bat, Arrigorriagako Udaltzaingoaren polizia etxera joan zen bere burua entregatzera, eta udaltzainek atxilotu egin zuten. Gaur goizean utzi dute epailearen esku.
Ertzaintza gorroto delitu gisa ikertzen ari da jipoia. Uste dute erasoa gutxienez hiru lagunek egin zutela; horietako bat atxilotuta dago, eta beste bien bila ari dira.
Atzoko 21:30 aldera izan zen erasoa, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez. Ertzaintzara deitu zuten, gertatutakoaren berri emanez. Ertzainek Arrigorriagako Udaltzaingora deitu zuten, eta udaltzainak joan ziren gizona jipoitu zuten lekura. Gizonak zauriak zituen gorputz guztian. Udaltzainek lehen laguntza eman zioten, eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuten.
Lekukoek esan zieten taldean eraso ziotela eta gutxienez hiru lagun zirela. Haien bila ari zirela, 20 urteko gizon batek bere burua entregatu zuen. Atxilotu eta Ertzaintzaren esku utzi zuten. Lesio delitua egozten diote.
Jipoitutako gizona ospitalean dago. Hautsiak ditu hainbat hezur. Operatu egin beharko dute, jipoiak eragindako lesio batzuk osatzeko.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak salatu egin du erasoa, eta esan du ez duela onartuko inor erasotzea «bere sexuagatik, erlijioagatik edo arrazagatik». Babesa eta elkartasuna adierazi die gizonari eta haren familiari.