Hondarribian (Gipuzkoa) 55 urte inguruko gizonezko bat hil zen atzo arratsaldean. Jaizkibel mendian piztutako sute bat itzali nahian zebilen larrialdi zerbitzuekin batera, Artzu inguruan, eta bihotzekoak jota zendu zen. Inguru hartan bizi zen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizona konortea galduta topatu zuten ertzainek, baina osasun zerbitzuak iritsi aurretik hil zen.
Sutea 17:30 inguruan hasi zen, 19:00etarako kontrolpean zuten suhiltzaileek, eta erabat itzalita dago jada. Datozen orduetan autopsia egingo diote gorpuari, gizona nola hil zen argitzeko.