55 urteko gizonezko bat hil da bart Gasteizen, goi tentsioko dorre batetik erorita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atzo gauean izan zen ezbeharra, 23:00 aldera, Gasteizko Goikolarra auzoko enpresa batean. Ertzaintzari abisatu zioten gizon bat goi tentsioko dorre batetik eroria zela eta hilda zegoela. Poliziek, bertaratu zirenean, ikusi zuten enpresa itxita zegoela, eta hesia bortxatuta; barruan bi gizon topatu zituzten, horietako bat lurrean etzanda, hilotz.
Segurtasun Saileko iturrien arabera, metala mozten ari zela deskarga bat jaso, eta zazpi metroko garaieratik erori zen gizona. Larrialdi zerbitzuak zauritua suspertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu, eta han zendu zen.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du zer gertatu den argitzeko.