Gizon bat hil da bart gauean Bilboko itsasadarrean, Areatza parean. Suhiltzaileek atera dute uretatik, baina ordurako hilda zegoen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 01:45ean jaso du pertsona bat uretara eroria zela zioen abisua. Patruila bat bertaratu da, eta Poliziak uretara jauzi ere egin du gizona erreskatatzen saiatzeko, baina ordurako ur azpian zegoen, eta ezin izan dute ezer egin.
Azkenean, Bilboko suhiltzaileek atera dute gorpua uretatik. Oraindik ez dute identifikatu, eta Ertzaintzak ikerketa hasi du zer gertatu den argitzeko.