Gizonezko bat espetxeratu dute Ugaon (Bizkaia), emakume bat hiltzen saiatzea egotzita; bost aldiz egin dio eraso andreari arma zorrotz batekin, diskoteka baten aparkalekuan. Emakumea Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute zauriengatik. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ez dira ez bikote, ez bikotekide ohi, eta ez dira genero indarkeria gisa ikertzen ari auzia.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, 05:30 aldera dei bat jaso dute, esanez emakume bati eraso egin diotela. Erasoaren lekura joan direnean, ikusi dute diskotekako segurtasun langileek gizon bat zeukatela atxikita, eta anbulantzia bat emakume bat artatzen ari zela, bularrean eta bizkarrean zeuzkan zauriengatik.
Ertzainek gizona identifikatu eta atxilotu dute —zauriak zeuzkan esku batean—, eta, komisariatik igaro ostean, Bilboko guardiako epaitegiaren aurrean deklaratu du. Segurtasun Sailak adierazi duenez, epaileak Basaurin (Bizkaia) espetxeratzeko agindua eman du gaur arratsaldean.