Ertzaintzak 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo goizaldean Barakaldon (Bizkaia), emakumezko bat hiltzen saiatzea egotzita. Andrea eta atxilotutako gizona bikotekide ohiak ziren, eta emakumeari labanaz egin zion eraso gizonezkoak, ostiralean, goizaldeko laurak aldera, etxe batean. Bizilagunek eman zuten abisua, oihuak entzunda, eta andrea Gurutzetako erietxera eraman zuten larrialdi zerbitzuek, zauri ugari zituela eta, larri. Gizonak ihes egin zuen hasieran, baina minutu gutxira atzeman zuten ertzainek. Espetxeratu egin zuten atzo arratsaldean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo goizean jakinarazi zuenez, 04:00 baino lehentxeago gertatu zen erasoa. Ordu horretan jaso zuen Ertzaintzak abisua, etxebizitza batean gertatutako eraso baten berri emateko. Behin poliziak hara joanda, etxebizitzako eskaileretan topatu zuten emakumezkoa, labanaz eginiko zauri ugari zituela eta odol jario handia zuela. Larrialdi zerbitzuek bertan artatu zuten, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten ondoren.
Erasotzaileak ihes egin zuen handik. Ertzaintzak Barakaldon bertan atxilotu zuen, eta neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzi diote. Atzo bertan Barakaldoko Guardiako Epaitegiaren esku utzi zuten gizona, eta ondotik espetxeratu zuten, Basauriko kartzelan (Bizkaia).
«Nazkatuta»
Argitan Barakaldoko Emakumeentzako Aholku Etxeak atzo sare sozialen bidez adierazi zuen eraso matxistez «nazkatuta» daudela. Barakaldoko Neska Gazteen taldearekin batera elkarretaratzera deitu dute gaurko: 18:00etan bilduko dira, Bide Onera plazan. Erasorik ez, erantzunik gabe! Aski da! lelopean eginen dute mobilizazioa.
Gizon bat espetxeratu dute, neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzita
Labanaz eraso dio andreari, eta emakumea larri dago, Gurutzetako ospitalean. Basauriko kartzelan sartu dute gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Barakaldon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu