Gizon bat zigortu dute neska adingabe bati sexu erasoak egiteagatik

Zortzi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, zaintzen zuen neskari ukituak egiteagatik.

Iruñeko espetxea. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñeko espetxea. IDOIA ZABALETA / FOKU
2024ko uztailaren 12a
17:00
Entzun

Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalak zortzi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, zaintzen zuen neska bati modu jarraituan sexu erasoak egiteagatik, Zarautzen (Gipuzkoa). Efe agentziak jakinarazi duenez, auzitegiak sexu abusu jarraituen delituagatik zigortu du gizona, eta debekatu egin dio neskarengana hurbiltzea edo harekin harremanetan jartzea hamar urtean. Espetxetik ateratakoan, bost urte egin beharko ditu zaintzapean, eta 20.000 euro ordaindu beharko dizkio neskari.

Fiskaltzaren arabera, gizonak 2014. eta 2015. urteetan egin zituen sexu erasoak. Gizonak neskaren familiarekin zuen konfiantza baliatu zuen sexu erasoak egiteko, neskaren eta haren anaiaren zaintzaz arduratzen zenean. Gurasoak lanera joaten ziren, eta zigortuaren esku uzten zituzten seme-alabak. Umeen etxean zein bere etxean egin zizkien sexu erasoak, Zarautzen. 

Fiskaltzak zehaztu duenez, neska komunera eramaten zuen, biluztu egiten zuen eta ukituak egiten zizkion. Neskak esaten zion ez zuela nahi eta gaizki sentitzen zela. Gizonak beldurtu egiten zituen anai-arrebak, ezer kontatu ez zezaten. Esaten zien zerbait kontatuz gero gurasoak ezingo zirela lanera joan, anai-arrebek ez zutela zaintzailerik izango eta berak ezingo zizkiela jostailuak erosi. Akusatuak helegitea aurkeztuko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.

Kartzelara, urruntze agindua urratzeagatik

Iruñean, berriz, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Arloko 2. Epaitegiko epaileak gizon bat espetxeratzeko agindua eman zuen asteartean, bikotekide ohiarekiko urruntze agindua urratzeagatik. Lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion delitu horrengatik. 2022ko urtarrilaren 25az geroztik, gizona ezin zen emakumearengana gerturatu –gutxienez 300 metrora–. Astelehen arratsaldean, akusatua eta bikotekide ohia Iruñeko Kale Berrian zeuden elkarrekin, nahiz eta gizonak urruntze agindua izan. Epaiaren arabera, eztabaidan hasi ziren, eta gizonak emakumea mehatxatu zuen: «Joan. Bestela, hil egingo zaitut; lepoa moztuko dizut».

Asteartean izan zen epaiketan, fiskaltzak sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen, urruntze agindua urratzeagatik, eta 57 egunez gizartearentzat lan egitea, mehatxu delituengatik. Eskaera momentuan onartzeagatik, ordea, epaileak lau hilabetera eta 38 egunera jaitsi zion zigorra. Zigorrari buruzko akordioa lortu zuten fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak. Epaileak baztertu egin zuen zigorra atzeratzea, eta akusatuak gaur eguerdia baino lehen sartu behar zuen Iruñeko espetxean.

Zigor Arloko 5. Epaitegiak ere zigortu zuen akusatua 2022ko urtarrilaren 25ean, eta bikotekidearengandik urruntzeko agindua ezarri zion: hamabi hilabetez ezin zen 300 metro baino gutxiago hurbildu haren etxera, lantokira eta ohiko lekuetara; ezta biktimarekin komunikatu ere. Agindua 2025eko abenduaren 7ra arte zegoen indarrean, baina asteartean urratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.