Gizon bat atxilotu dute Zarautzen, neska adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita

Udalak elkarretaratze bat egin du gaur eguerdian, eta talde feministek mobilizazioak antolatu dituzte biharko eta etziko.

Sexu erasoa Zarautzen
Sexu eraso baten aurkako elkarretaratze bat Zarautzen, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
2024ko urtarrilaren 27a
12:23
Entzun

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Zarautzen, neska adingabe bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ostegunean gertatu zen erasoa, eta ostegunean bertan hartu zuten atxilo gizona; atzo eraman zuten epailearen aurrera.

Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erasoa gaitzetsi dute ohar bidez, eta babesa agertu diote biktimari. Udalak adierazi du ez duela onartuko «emakumeen giza eskubideen inolako urraketarik», eta berretsi du bortizkeria matxista «egiturazko arazo bat» dela, «emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzea helburu» duena. Hala, erakundeak elkarretaratze isil bat egin du gaur eguerdian, eta dozenaka herritarrek hartu dute parte; bertan izan dira, besteak beste, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Nerea Isasi Gipuzkoako Berdintasun zuzendaria eta Miren Elgarrezta Emakundeko zuzendaria.

Zarauzko Bilgune Feminista eta Morroxka taldeek, berriz, mobilizazio gehiago antolatu dituzte datozen egunetarako: bihar minutu bateko eserialdia egingo dute hondartzako futbol partidak hasi aurretik; eta etzi, astelehenarekin, manifestazioa egingo dute, 18:30ean, Udaletxeko plazatik abiatuta. Eragile feministek ohartarazi dute neska gazteek indarkeria handia jasaten dutela jai giroan eta sare sozialetan. Gainera, bortizkeriaren aurkako erantzun puntualez harago, ezinbestekotzat jo dute «erantzun soziala artikulatzea eta modu iraunkorrean lantzea», eta, ildo horretan, «sexu heziketa integral baterako baliabideak» eskatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.