Gizon bat atxilotu dute Tolosaldean, bi sexu erasorekin lotuta

Osteopatia bulego batean egiten zuen lan atxilotutakoak. Salaketaren arabera, biktimak gizonezkoarekin bakarrik zeudela gertatu ziren erasoak.

HILKETA MATXISTA - MOBILIZAZIOA
Sexu erasoen aurkako protesta bat, artxiboko argazki batean. GORKA RUBIO / FOKU
Arantxa Elizegi Egilegor - Olatz Silva Rodrigo
2024ko urtarrilaren 29a
07:35
Entzun

Tolosaldeko osteopatia kontsulta batean lan egiten zuen gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak, bi emakumek salatutako sexu erasoekin lotuta. Horien arabera, osteopatak ukituak egin zizkien, bera eta emakumezkoak bulegoan bakarrik zeudela baliatuta. Bi kasuetan, erasoen ustezko egileak hasieran masajea eman zien bizkar, lepo edo gerri aldean, baina, handik gutxira, gizonaren manipulazioa eremu intimoetara iritsi zen, inolako baimenik gabe.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez, salaketak urtarrilean aurkeztu zituzten bi emakumeek —haietako bat adingabea da—, «ukituak eta sexu askatasunaren aurkako jarrera» jasan zutela baieztatuz. Biek berretsi dute beldur zirela gizonak masajeak ematean zuen jarreraz. Erasoetako bat duela urte batzuk gertatu zen; bestea, berriz, duela gutxi.

Urtarrilaren 21ean atxilotu zuten gizonezkoa, eta bi egun geroago utzi zuten epailearen esku. Ertzaintzak baieztatu duenez, deklaratu ostean aske utzi zuten, kargupean. Atxilotu eta jarraian miatu zuten haren bulegoa, erasoekin lotutako frogen bila. Ikerketa zabalik dago oraindik ere, Ertzaintzak uste baitu litekeena dela kaltetu gehiago izatea. Hori dela eta, Oriako ertzain etxean salaketa jartzeko eskatu diete biktimei.

Erasoa salatzeko, Itaiak elkarretaratzera deitu du gaurko. Tolosako Trianguloa plazan bilduko dira, 19:30ean. Tolosako Asanblada Feministak eta udalak ere elkarretaratzea egingo dute: 19:00etan, Plaza Zaharrean. Asanblada Feministak X sare sozialean zabaldu du elkarretaratzerako deia, eta salatu du «onartezina» dela horrela bizi behar izatea. «Nahikoa» dela esateko elkartuko dira arratsaldean.

Udalaren erabateko gaitzespena

Tolosako Udalak gaitzetsi egin du erasoa, ohar baten bidez. Adierazi dutenez, udalbatzak «aho batez» eta «irmo» arbuiatu ditu gertakariak. Ertzaintzak atzo arratsaldean jakinarazi zuen gizonezko bat atxilotu zutela Tolosaldean, eta albistea zabaldu ostean jakinarazi zion udalari gertakariak Tolosan bertan izan zirela. Udalak momentuan bertan aktibatu zuen larrialdietako protokoloa, eta gaur goizean Larrialdietako Mahaiaren urgentziazko bilera egin du.

Udalak zehaztu du baliabide guztiak jarriko dituztela erasoak jasan dituzten emakumeen eskura, eta doako laguntza psikologiko eta juridikoa eskaini du. Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak elkartasuna adierazi die biktimei, eta salatu du «erabat arbuiagarriak» direla horrelako jarrerak: «Behin eta berriro errepikatuko dugu ez dutela tokirik gure gizartean». Biktimen intimitatea errespeta dadila eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.