30 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Portugaleten (Bizkaia), bikotekideari tratu txarrak emateagatik zeukan urruntze agindua urratzea egotzita eta genero indarkeria delitua leporatuta. Emakumezko bikotekidea osasun etxe batera eraman behar izan dute gizonak eragindako zauriengatik artatzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ostiral gauean izan zen erasoa. Emakumeak Poliziari esan zion erasoa bikotea bizi den etxean hasi zela, eta hori dela-eta etxetik ihes egin zuela. Kalean zegoen herritar batek deitu zuen Ertzaintzara, emakumea kalean zauritua zegoela ikusi ostean.
Ustezko erasotzailea etxean topatu zuten ertzainek, eta han bertan atxilotu zuten genero indarkeria delitua egotzita eta urruntze agindu judiziala urratzea leporatuta.