Emakume bat hil dute Pasaian, eta haren bikotekide ohia atxilotu dute

Bikotekide ohia hil, autoan ihes egin eta Villabonako Udaltzaingoaren bulegora joan da gizona. Pasaiako Mugimendu Feministak mobilizazioa antolatu du bihar eguerdian.

Emakumea hil duten eraikinaren ezkaratza, Pasai Antxoko Eskalantegi kalean. JUAN HERRERO / EFE
Emakumea hil duten eraikinaren ezkaratza, Pasai Antxoko Eskalantegi kalean. JUAN HERRERO / EFE
jakes goikoetxea
2024ko azaroaren 30a
18:00
Entzun

Ertzaintzak 53 urteko gizon bat atxilotu du, Pasaian (Gipuzkoa) 45 urteko emakume bat —bikotekide ohia— suzko arma batekin hiltzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Hilketa 16:00etan gertatu da, Pasai Antxoko Eskalantegi kaleko etxebizitza batean. Gizonak ihes egin du auto batean. Geroago, Villabonako (Gipuzkoa) Udaltzaingoaren bulegora joan da, eta bikotekide ohia hil duela aitortu die. Bertan atxilotu dute. Ertzaintza zer gertatu den ikertzen ari da.

Lekuko batek Euskadi irratiari adierazi dionez, hilketa eta gero emakumearen bi alabetako bat balkoira atera da, laguntza eskatzera.

Hilketa gaitzetsi dute Eusko Jaurlaritzak, Emakundek, Eudelek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, EH Bilduk, EAEko PPk... Pasaiako Udaleko bozeramaileen batzordeak ezohiko bilkura egin du gaur arratsaldean bertan. Pasaiako Mugimendu Feministak mobilizazioa antolatu du bihar, 12:00etan, Biteri plazan, hilketa gaitzesteko.

Indarkeria matxistaren mapa

Euskal Herrian aurten izan den seigarren hilketa matxista da, eta 2003tik, 125.a. Maiatzean, 33 urteko emakume bat hilda aurkitu zuten Donibane Lohizuneko Paris hotelean (Lapurdi), eta haren bikotekidea atxilotu zuten. Hamabost bat egun lehenago, emakumea artatu behar izan zuten Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik erori zelako. Emakumea maiatzaren 1ean ospitaletik desagertu, eta handik bi egunera atzeman zuten gorpua.

Irailaren 11ko goizaldean, berriz, gizon batek 31 urteko bikotekidea hil zuen, Yanely Gonzales, Bilboko Santutxu auzoan, arma zuri batekin. Gonzalesek amari deitu zion gau hartan bertan, eta esan gizona bere onetik aterata zegoela. Basurtuko ospitalera joan ziren, baina han, gizona artatu eta gero, etxera bidali zituzten. Gero, Gonzales hil zuen. 

Emakume Migratu Feministek eta perutar jatorriko herritarren elkarteek —Gonzales perutarra zen sortzez— elkarretaratze bat antolatu zuten hilketaren biharamunean. «Yanely, bere erasotzailearen biktima ez ezik, sistema kolonial, patriarkal eta arrazista oso baten biktima ere bada», salatu zuten.

Urriaren 8an, Iruñeko Arrotxapea auzoan, gizon batek Kayle Villar Pons hil zuen. Villar Ponsek 20 urte zituen, eta arma zuri batekin hil zuten, etxabe batean. Etxabean bizi ziren Villar Pons, erasoa egotzita atxilotu zuten gizonezkoa eta beste hainbat pertsona, maizter denak, hainbat bizilekutan banatuta.

Villar Ponsen aitarena zen etxabea. Aitak ahalegina egin zuen alaba hil zuen gizona kaleratzeko, maizterrek, baita alabak ere, liskar ugari izan zituztelako harekin. Esan zuen hiltzeko mehatxuak egin zizkiola alabari. Poliziarengana jo izan zuen, maizter horren kontrako hainbat salaketa jarri zituen, eta urruntze agindua ere eskatua zuen.

Zacchello, ekainetik desagertuta

Laure Zacchello 43 urteko emakumea ekainean desagertu zen, Urruñan (Lapurdi): Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu zuen ustezko hilketagatik. Haren senarra atxilotu, eta behin-behinean preso sartu zuen Frantziako Poliziak.

Ekainean egin zuen agerraldian, prokuradoreak erran zuen hipotesi guziak zabalik zeudela, baina indarkeria matxistako kasu bat izatea lehenetsi zuen. Zacchelo senarrak hil zuela uste du, eta hura bizirik aurkitzeko aukera urriak direla. Bi instrukzio epaile izendatu zituzten instrukzioa eramateko. Desagertuaren senarra erreserbako jendarme aitzindari izana da, gerra armak bazituen etxean, eta horiek ere desagertuak zirela jakinarazi zuten bere garaian.

Miaketak egiten aritu ziren uda aitzineko egunetan. Lekukotasunen biltzeko deia ere zabaldu zuen Poliziak, Zaccheloren argazki batekin eta senarrarena den kolore gorri biziko 4X4 autoaren argazkiarekin. Inguruko oihan eta mendi eremu guziak arakatu zituzten, baina ez zuten aurkitu emakumearen arrastorik. «Senarra bizirauletzaren zalea da, kirolaria, ehiztaria; Ipar Euskal Herriko barnealdea arras ongi ezagutzen du», zehaztu zuen bere garaian Baionako Polizia Judizialeko komisarioak.

Bortizkeria aurrekariak ere bazituen gizonak. Prokuradoreak esplikatu zuen emaztea otsailaren 10ean joan zela polizia etxera, senarra «jazartzen» zitzaiola ohartarazteko, baina salaketarik jarri gabe. Bortizkeria sexisten biktimen elkarteren batera joatea aholkatu zioten. Mont-de-Marsanen (Okzitania) dago preso gizona, eta azaroaren 13an deklaratu zuen epailearen aurrean. Guztiz ukatu zuen desagertzearekin inolako loturarik izatea, eta adierazi zuen kezkatuta dagoela emaztea falta delako.

Panaman eta Katalunian

Aurreko horiez gain, beste emakume bat hil zuten uztailean Panaman: Eneritz Argintxona Fraile. Costa Rican boluntario zebilen, eta Panamara joan zen egun batzuk igarotzera. Carenero uhartearen inguruan agertu zen haren gorpua, justu familiak haren desagerpena salatu berritan. Poliziak bi gizon atxilotu ditu, eta feminizidio gisa ikertzen ari dira kasua.

Mossos d'Esquadra Kataluniako Poliziak 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuen azaroaren 12an, 2022an emaztea hil izana egotzita. Emakumeak 44 urte zituen, eta Irungoa zen (Gipuzkoa). 2022ko abuztuaren 12an desagertu zen, La Morera de Montsant Kataluniako udalerrian. Han bizi zen.

Mossoen esanetan, ikerketaren bitartez frogatu zuten gizonak erabilitako alibia gezurrezkoa zela. Ondorio hori ateratzeko, baitezpadakoa izan da akusatuaren sakelako telefonoaren datuak aztertzea. Gainera, poliziek jakin zuten akusatuak bazituela emakumearenak ziren zenbait objektu, hura desagertu eta zenbait hilabete igaro ostean ere. Mossoen arabera, egoera normal batean emakumeak ez zituzkeen ondasun horiek beste inoren esku utziko, eta horrek areagotu egin zituen akusatuaren gaineko susmoak.

Poliziak uste du gizonak emakumea hil zuela, eta gero haren gorpua desagerrarazi. Hilotza ez da oraindik agertu, eta ikerketak zabalik dirau, emakumearen gorpua aurkitze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.