Gizon bat atxilotu dute Iruñean, beste gizon bati sexu eraso bat egitea egotzita

Iruñeko autobus geltokian gertatu zen erasoa.

jakes goikoetxea
2024ko abenduaren 20a
11:30
Entzun

Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Iruñeko Taconera parkean, duela egun batzuk mutil gazte bati sexu eraso bat egitea egotzita. Salaketaren arabera, mutila Iruñeko autobus geltokiko banku batean eserita zegoen, autobus bat hartzeko zain. Gizon bat hurbildu zitzaion, eta elkarrizketa «zentzugabe bat» hasi zuen. «Ezustean, gizonak mutilaren gainera jauzi egin, eta saiatu zen eskua mutilaren kamisetaren eta galtzen azpian sartzen». Mutilak ihes egitea lortu zuen. Hala ere, gizonak esan zion agurtzeko musu bat eman ziezaiokeen, Espainiako Poliziak zehaztu duenez. 

Mutilak lagun bati deitu zion, eta zer gertatu zen kontatu. Lagunak esan zion ingurukoei laguntza eskatzeko eta Poliziari deitzeko. Autobus geltokitik atera, eta Poliziari deitu zion. Autobus bera hartu behar zuen bidaiari bat ezagutu zuen, eta laguntzeko eskatu zion. Geroago, salaketa jarri zuen.

Mutilak erasotzailea ezagutu zuen Espainiako Poliziak aurkeztu zizkion ohiko delitugileen argazkietan. Taconera parkean atxilotu zuten gizona. Poliziak beste bi aldiz ere atxilotu zuen gizon hori: behin lesioak eragiteagatik eta beste behin exhibizionismoagatik, Iruñeko autobus geltokian bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.