Ertzaintzak 34 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizaldean N-1 autobidean, Idiazabal parean (Gipuzkoa), «pertsonen legez kanpoko trafikoa» leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizon horrek hamalau lagun zeramatzan furgoneta batean, «pilatuta eta osasun egoera txarrean». Bidaiari gehienek ez zuten dokumentaziorik, eta, Ertzaintzak adierazi duenez, dirua ordaindu zioten gidariari bide hori egiteko eta «Frantziara» zihoazen.
Gaur goizaldeko ordu bata pasatuta atxilotu dute gidaria. Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko patruila batek gelditu du furgoneta N-1 autobidean, ibilgailuen kontrol batean. Orduan atxilotu dute gizona, atzerriko herritarren eskubideen aurkako delitu bat egotzita.
Atxilotua polizia eginbideak egiten ari da, eta datozen orduetan pasatuko da epailearen aurretik.