Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, sexu eraso bat egitea egotzita

Gasteizko alkateak jaietan sei sexu eraso izan direla zehaztu du; mugimendu feministak 11 erasoren berri jaso du zuzenean.

Sexu erasoak salatzeko gaur egin duten kontzentrazioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Sexu erasoak salatzeko gaur egin duten kontzentrazioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko abuztuaren 9a
11:00
Entzun

Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Gasteizen. Asteartean emakume bati sexu eraso bat egitea leporatzen diote. Ertzaintzaren arabera, gizonak eta emakumeak sare sozialen bidez elkar ezagutu zuten, hitzordua jarri zuten Zabalgune auzoko eraikin bateko trastelekuetan, eta bertan gizonak sexu erasoa egin zion emakumeari.

Ustezko erasotzailea atzo identifikatu zuten, eta polizia etxera joateko esan zioten. Bertan atxilotu zuten, atzo arratsaldean. Epailearen esku utzi dute gaur goizean.

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak gaur goizean zehaztu duenez, sei sexu erasoren berri izan dute. Horietatik hiru kasutan salaketa jarri zuten eta udalak beste hiru sexu eraso izan direla jakin du. Bi emakumek ez zuten salaketa jarri nahi izan eta hirugarren kasua adingabe baten kontrako erasoa da, eta alkateak ez du zehaztasunik eman, «biktimarekiko errespetuagatik». Gasteizko Mugimendu Feministak, berriz, 11 erasoren berri izan du zuzenean.

Erasoen berri izan eta gero, Gasteizko Udalak abian jarri zuen indarkeria matxistaren kontrako protokoloa, eta kontzentrazio bat egin dute gaur goizean, erasoak salatzeko. Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariek parte hartu dute.

«Nazkatuta»

Bost minutuko isilunea egin dute Plaza Berrian. Gero, Etxebarriak emakumeen kontrako erasoak gaitzetsi ditu, udalaren izenean. Adierazi du emakumeak «nazkatuta» daudela. Erasoek «pena» eragin diote. «Iruditzen zait batzuk oraindik ez direla konturatu Gasteizen ez ditugula onartzen jokabide eta jarrera matxistak», esan du alkateak. «Eskubidea dugu nahi dugun moduan, nahi dugunean eta nahi dugunarekin gotzatzeko».

«Ezerk ezin du zuritu eraso bat: ez jaiek, ez alkoholak, ez jaietako neurrigabekeriak», jarraitu du Etxebarriak. «Harremanek onartuak eta desiratuak izan behar dute». 

Alkateak Ertzaintza zoriondu du, azkar atxilotu duelako sexu erasoetako baten ustezko egilea. 

Blusek eta neskek protesta egin zuten atzo arratsaldean, eta Gasteizko mugimendu feministak elkarretaratze bat egin zuen atzo, txosnetan. Mugimendu feministak beste kontzentrazio bat antolatu du gaur, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan erasoak salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.