Guardia Zibilak gizon bat atxilotu du Gasteizen, San Prudentzio jaietan lanean ari zen saltzaile ibiltari bat «umiliatzeagatik eta mehatxatzeagatik». Apirilaren 28an gertatu zen, Armentian, eta, polizia iturriek jakinarazi dutenez, atxilotutako gizonaren ideologia izan zen haren eragilea. Gorroto delitu bat egitea leporatu diote.
Sare sozialetan zabaldutako bideo baten bitartez izan zuen Guardia Zibilak eraso horren berri. Ikus-entzunezkoan ageri denez, atxilotutakoak iraindu egin zuen saltzaile lanetan ari zen gizona, eta Leongo (Espainia) Deportiva Leonesa futbol taldeko Orgullo Cazurro ultren kidea izatea leporatu zion.
"Al Fascismo no se le discute, se le destruye". (Buenaventura Durruti)
— HATEUNIC🖤RNS 🏴🐌🏴☠️ (@Blackisakolorr) April 30, 2024
*Esto le pasa a un Nazi que va a Vitoria Gasteiz (donde se hace la ley) en San Prudencio y a todo ANORM4L que vaya con tatoos o camisetas fascistas en Euskal Herria. pic.twitter.com/gnNru3JWWJ
Poliziak bideoa ikusi zuenerako, ordea, saltzailea Euskal Herritik kanpo zegoen jada. Aurkitu zutenean, erasoa jasandako langileak salaketa jartzea erabaki zuen, Guardia Zibilak zabaldu duenez.
Sareetan zabalduriko mezuetan, ustez saltzailea talde ultretako hainbat kiderekin agertzen da, tartean agur faxista egiten ari diren batzuekin.
Iazko otsailean, Deportiva Leonesa taldeko zuzendaritzak Orgullo Cazurro taldeari futbol zelaian sartzea debekatu zion eta horrekiko harremanak hautsi zituen, egun batzuk lehenago istiluak eragin zituztelako Pontevedran (Galizia). Edonola ere, urte bereko uztailean, berriz eman zien baimena, ultra taldeak zelaira «ikur politikorik gabe» joatea agindu ostean.