Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, andre bati eraso eta korderik gabe uztea egotzita

Bart goizaldean izan da erasoa: Ertzaintzak jakinarazitakoaren arabera, 28 urteko gizonak ukituak egin dizkio emakume bati, eta hark kargu hartzean, ukabilkada bat jo dio andreari.

Eraso matxisten kontra elkarretaratzea, asteazkenean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
2019ko abuztuaren 10a
16:14
Entzun

28 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Gasteizen gaur goizaldean. Emakume bati sexu erasoa egitea eta hari jotzea leporatzen diote. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez, gazte kuadrilla bat zebilen Foruen plazan —atzo amaitu ziren jaiak Gasteizen—. 05:20 aldera, gizon bat hurbildu zaie, eta ukituak egin dizkio andre bati. Emakumeak kargu hartu dio gizonari, eta ukabilkada bat jo dio erasotzaileak, aurpegian. Korderik gabe utzi du andrea.

Haren lagunek eutsi diote erasotzaileari Ertzaintza iritsi arte, eta atxilotu egin dute lekuan bertan. Txagorritxu ospitalera eraman dute emakumea.

Gaur goizaldekoa ez da izan Gasteizko jaietan izandako indarkeria matxista kasu bakarra. Herenegun, esaterako, 34 urteko gizon bat atxilotu zuten, 30 urteko emakume bati sexu eraso bat egitea egotzita. Astelehenean, berriz, 38 urteko gizon bat atxilotu zuten, neska adingabe bati ukituak egitea egotzita. Gasteizko Mugimendu Feministak eta udalak eraso sexisten aurkako protokoloak martxan jarri dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.