Istripu larria jazo zen atzo ilunabarrean Bilbon, Tiboli kalean. Furgoneta batek ume jaioberri batekin paseatzen ari zen bikote bat harrapatu zuen: andre bat eta gizon bat ziren, haurraren gurasoak. Umetxoa ondo dago, baina bi helduak erietxera eraman behar izan zituzten, Gurutzetara (Barakaldo); larri daude biak.
Atxilotuta dago ibilgailuaren gidaria. Ihes egiten ahalegindu zen, baina han inguruan lanean zebilen zinpeko zaindari batek gerarazi egin zuen, eta Polizia heldu zen arte atxiki zuen. Ertzainek jakitera eman dutenez, drogen kontsumopean ari zen gidatzen gizona.
Zauritutako bikotearekin eta umetxoarekin gizon bat ere bazihoan, umearen aitona. Justu une horretan haurtxoa hark zeraman.