Gizon bat atxilotu dute Errenterian, bikotekidea jotzea egotzita

Asteburuan gizon bat atxilotu dute Bilbon, sexu eraso bat egiteagatik, eta beste bat Iruñean, emakume bati ukituak egiteagatik.

Olatz Silva Rodrigo.
2024ko abenduaren 9a
09:05
Entzun

Ertzaintzak 23 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbatean Errenterian (Gipuzkoa), bikotekidea jotzeagatik Lezon (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, gizonak kalean eraso egin zion emakumeari, 18:30ean. Geroago atxilotu zuten, Errenterian.

Errenteriako Udalak oharra kaleratu du erasoa salatzeko eta erasoaren biktimari babesa adierazteko. Erakundeak dio ez dituela halako gertaerak onartzen, eta lanean jarraituko duela, indarkeria matxistarik gabe bizitzeko. Herritarrak gonbidatu ditu, gizonak bereziki, «beren jokabideei eta jarrerei arretaz erreparatzera eta edonolako erasoren aurrean jarrera aktiboz jokatzera».

Lezoko eta Errenteriako mugimendu feministek kontzentrazioa antolatu dute biharko, 19:00etan, Errenteriako Renferen geltokiaren aurrean. Udalak bat egin du biharko deialdiarekin, eta herritarrei eskatu die parte har dezatela.

Iruñean, berriz, udaltzainek 25 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbat goizaldean, emakume bati ukituak egiteagatik. Emakumeak salatu zuenez, gizon bat hurbildu zitzaion 07:00ak aldera, eta gorputza ukitzen hasi zitzaion. Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, asteburuan bi gizon atxilotu dituzte tratu txarrak emateagatik.

Hiru aldiz atxilotua asteburuan

Iruñeko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Lehen Epaitegiak gizon bat espetxeratzeko agindu du, bikotekidearengandik urrun egoteko agindua urratzeagatik. Gizona sei hilabeteko kartzelara zigortuta zegoen, eta hiru aldiz atxilotu zuten iragan asteburuan, urruntze agindu hori ez betetzeagatik. 

Zigorrari buruzko akordioa lortu dute fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak, gaur egin dute epaiketa azkarrean. Epaileak baztertu egin du kartzela zigorra eteteko eskaera. Zigortuak espetxean sartu beharko du osteguneko 13:00ak baino lehen.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du gizon bati jarritako 11 urteko kartzela zigorra, 9 urteko alabaordea modu jarraituan bortxatzeagatik. 54 urteko gizonak ezingo du neskarekin harremanetan jarri eta harengandik 300 metro baino gutxiagora hurbildu hamabi urtean, eta kartzela zigorra betetakoan zaintzapean egongo da zazpi urtean.

Zigortutako gizona alabaordeari ukituak egiten hasi zen haurrak 2 eta 4 urte bitartean zituenean, ama etxetik kanpora zegoela baliatuz. Neskak 9 urte zituela bortxatzen hasi zen, 2013. urtera arte, neskaren amak gizonarekin harremana eten zuen arte. Neskak —gaur egun 24 urte ditu— 2022ko uztailean jarri zuen gizonaren kontrako salaketa. Salaketa jarri aurreko egunean kontatu zion guztia amari. 

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du zigorra, haren ustez neskaren lekukotza froga «balioduna eta nahikoa da». Esandakoaren sendotasuna ukaezina dela dio.

Bilbon, Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen ostiralean, emakume batek haren kontrako salaketa jarri eta gero. Sexu eraso bat egitea egotzi zion. Ostiral arratsaldean jarri zuen salaketa emakumeak Udaltzaingoan, eta orduan atxilotu zuten gizona.

Atxilotua Ertzaintzaren esku utzi zuen Udaltzaingoak, hura arduratzen baita ikerketa horiez. Segurtasun Saila, berriz, dagozkion tramiteak egiten hasi da, eta jakinarazi du atxilotua epaileen esku utzi zutela larunbatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.