Ertzaintzak 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Barakaldon (Bizkaia), ama hil izana leporatuta. Zehazki, emakumezkoa apirilaren 26an zendu zen, Gurutzetako ospitalean, Barakaldon. Semeak orduko hartan emandako bertsioaren arabera, emakumea erori egin zen, eta horrek eragindako lesioengatik hil zen gero. Ordea, erietxeko osasun langileek indarkeria zantzuak sumatu zizkioten hilotzari, eta auzi medikuei eman zieten abisua. Auzitegi medikuak gorpuari egindako analisiak indarkeria zantzuak baieztatu zituen, eta, Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiak hala eskatuta, ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak. Ikerketa horri segika, semea atzeman zuten atzo ertzainek, lesioak hark eraginak zirelakoan eta, beraz, ama hil izanen lukeelakoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, Ertzaintzaren ikerketan ondorioztatu dute, gainera, emakumezkoak ez zuela behar adinako artarik jaso lesioak jasan ondotik. Hau da, zehaztu dutenez, ospitalera eraman zutenerako oso larri zegoen.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, beharrezko diligentziak egin ondotik pasatuko da gizonezkoa epailearen aitzinetik.
Barakaldon gertaturikoa hilketa matxista bat dela baieztatuko balitz, aurten gizonezko batek hildako bigarren andrea litzateke. Urtarrilean gertatu zen azken hilketa: Sara Pina Ieregi izeneko 38 urteko emakumezko bat hil zuen mutil lagunak Tuteran (Nafarroa). 2003tik 114 emakume hil dituzte gizonezkoek Euskal Herrian —orduan hasi zen BERRIA zenbaketa egiten—.
Atxurin, gaitzespena
Bilboko Atxuri auzoan, berriz, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean asteon jakinarazitako hilketa matxista saiakerasalatzeko. Izan ere, asteartean 36 urteko gizon bat atxilotu zuten neska laguna hiltzen saiatzea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu zuen erasoa apirilaren 30ean izanzela, Atxuri auzoan: Ertzaintzaren arabera, gizonak su eman zion bikotekidea eta emakumearen alaba bizi ziren lokalari. Andrea Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten, larri, baina, Segurtasun Sailak BERRIAri jakinarazi zionez, hobera egin zuen gero. Ertzaintzak azaldu zuenez, ikerketak azaleratu zuen gizonak nahita piztu zuela sua: horretarako propio joan zela andreak eta haren alabak zuten bizilekura. Asteazkenean espetxeratu zuten.
Bilboko Udaleko talde politikoek adierazpen bat onartu zuten herenegun erasoa «irmotasun osoz» gaitzesteko eta samina agertzeko: «Erasoak giza eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar», onartutako testuaren arabera. Atzo, berriz, Kalamiak talde feministak deitu zuen protestara. Erasoen aurrean, autodefentsa feminista zioen pankarta baten gibelean elkartu ziren dozenaka emakume, erasoa gaitzesteko.
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, apirilean ama hiltzea egotzita
Gurutzetako ospitalean hil zen emakumea, eta langileek indarkeria zantzuak atzeman ondotik abiatu zuten ikerketa. Atxurin protesta egin dute andrea hiltzen saiatu zen gizonaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu