Gizon bat atxilotu dute Baionan, emakume bat bortxatzea egotzita

Kontzentrazioa egin dute Baionako herriko etxearen aitzinean, Itaiak deiturik. Bestaren lehenbiziko egunean jadanik, salatu zuten halako besta ereduek bidea irekitzen dietela eraso sexistei.

Itaiak deitu duen mobilizazioa, gaur, Baionako herriko etxearen aitzinean. BERRIA
Itaiak deitu duen mobilizazioa, gaur, Baionako herriko etxearen aitzinean. BERRIA
Isabel Jaurena - Leire Casamajou Elkegarai
2025eko apirilaren 14a
10:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizon bat atxilotu zuten herenegun Baionako Xingar Ferian, ortzegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita. Fiskaltzak larunbat arratsaldean abiatu zuen ikerketa, eta geroztik zaintzapean dago akusatua. Prokuradoreak agerraldia egin du eguerdian. Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, berriz, kontzentraziora deitu zuen gaur arratserako, eta Baionako herriko etxearen aitzinean egin dute elkarretaratzea, bortxaketa salatzeko. Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak bat egin du deialdiarekin.

Beste behin gaur, «Baionako Herriko Etxeak erasoetan duen erantzukizuna eta hipokrisia» salatu dituzte. Zehazki, azpimarratu dute herriko etxeak nola jokatu ohi duen erasoen aitzinean: urtero-urtero bilan positiboa egiten dute Baionan gertatzen diren ospakizunez, besta bera eta besta garaian gertatutakoak desberdinduz; «bortxaketak, ukituak, irainak edo heriotzak gertatu ez balira bezala», militanteen ustez. Joan den udan, erraterako, bestak baikorki baloratu zituzten, sexu eraso abisuak jaso izanagatik ere «salaketarik ez» zelako izan. Indarkeria matxistaren kontra ari diren eragileek, ordea, argi dute salaketarik ez izateak ez duela erran nahi erasorik ez denik gertatu. Itaiak ezarria zuen babesgunean, gutxienez 11 sexu erasoren berri ukan zuten.

Horiengatik guztiengatik gora aldarrikatu dute «bide horretan borrokan segituko» dutela, «baita Baionako bestetan ere».

Besta ereduarekin kritiko

Xingar Feria eta gisako makrobesta ereduak gogor kritikatu izan ditu Itaiak. Are, joan den ortzegunean bertan salatu zuten halako besta ereduek bidea irekitzen dietela eraso sexistei. Ekitaldi nagusia eten zuten, eta makrobestak antolatzean Baionako Herriko Etxeak duen erantzukizuna seinalatu. Txistuka eta irainka erantzun zien publikoak. Gaurko elkarretaratzean adierazi dute ostegunean salatu zutena «esplizitatu dela bortxaketa horrekin».

Bestez gain, hiriburuan antolatzen den ekitaldi jendetsuenetakoa da Xingar Feria, eta, antolakunde sozialistaren erranetan, besta eredu horrek «areagotu» egiten du emakumeen kontrako indarkeria. «Makrobesta eredu horrek, azkenaldiko oldarraldi erreakzionarioarekin konbinatuta, joko zelai aproposa sortzen du emaztea are zaurgarriago bilakarazteko, eta jadanik bizi dugun indarkeria matxista anplifikatzeko», erran zuten.

Gaur goizean Ici Pays Basque irratiko gomita zen Yves Ugalde, Baionako Herriko Etxeko Kultura arduraduna. Helburua Xingar Feriaren bilana egitea zuten, eta jendetzari buruz behin eta berriz galdetu badiote ere, behin ere ez du onartu nahi izan jende gehiegi izan dela. «Ez da ezpiritu txarrekoa baizik, urrundik ere»; bestaren ikuspegi negatiboak aipatzea saihestu du hastetik buru. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak ere gaia saihestu zuen igandean, bortxaketagatik inkesta abiatu eta biharamunean: «Gauza batek pozten nau: Xingar Feria baldintza egokietan pasatzen ari da karpa azpian», erran zuen. 

Badu zenbait urte Xingar Feria Baionako bestetarik desberdintzen entseatzen direla herriko etxekoak, azoka gisa definituz. Ordea, besta eredua geroz eta antzekoagoa da urtez urte: egun kopuruagatik, biltzen den jendetzagatik, janzkera kodeengatik...

Hortaz, Itaiako militanteen irudiko, besta horiek ez dira «leku seguruak» emazteentzat, «etengabe zapaltzen eta objektu sexual bilakarazten gaituen egoera bat» sortzen duten heinean. «Baina ez dugu soilik errealitate matxista hori deskribatu eta instituzio publikoen arduragabekeria salatu nahi, badakigu-eta Baionako Herriko Etxea bera, instituzio kapitalista den heinean, ez dela neutroa eta arazoaren parte dela. Oroz gainetik, gaur egungo instituzioetatik kanpo kolektiboki antolatzeko xedea dugu, leku horiek bizi dugun errealitate kapitalista, indarkeria matxista eta halako zapalkuntza mekanismoak bermatzeko tresnak baitira».

Atxilotu bat Gasteizen

Gasteizen, 48 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Udaltzaingoak, bi emakumeri ukituak egitea egotzita. Taberna batean gertatu zen: Udaltzaingoari bertaratzeko eskatu zioten, gizon batek konortea galdu zuela erranez. Bertaratu zirenean, gizona lurrean ikusi zuten, eta anbulantzia bat abisatu zuten. Bitartean, bertze gizon bat identifikatu zuten, zeinari egozten dioten bi emakumeri ukituak egitea.

Poliziak erran duenez, bigarren gizon horrek udaltzainei eraso zien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.