Gizon bat atxilotu dute adingabe bati sexu eraso bat egiteagatik

Ertzaintza auzia ikertzen ari da, eta atxilotuaren etxea, autoa eta trasteleku bat miatu dituzte.

jakes goikoetxea
2024ko otsailaren 16a
20:25
Entzun

Ertzaintzak 49 urteko gizon bat atxilotu zuen asteazkenean Donostian, mutil adingabe bati grooming-a egitea, adingabeak galbidean jartzea eta sexu erasoa egitea leporatuta. Atxilotua epailearen aurrera eraman dute.

Haurren ziberjazarpen sexuala da grooming-a; hau da, heldu bat Internet bidez adingabe batekin harremanetan jartzea —helduak nortasun faltsua erabilita edo ez— eta haren konfiantza lortzea, sexuarekin lotutako helbururen bat lortzeko: adingabeak argazkiak edota bideoak bidaltzea, sexu harremanak izatea...  

Asteazkenean jarri zuten salaketa, Ertzaintzaren Donostiako polizia etxean. Salaketaren arabera, egun batzuk lehenago adingabe batek gizon batekin hitz egin zuen Internet bidezko harremanetarako aplikazio baten bitartez. Elkarri «sexu izaerako hainbat argazki» bidali eta gero, elkar ikusteko hitzordu bat jarri zuten. Gizonak Donostiako bere etxera eraman zuen mutila, irudi pornografikoak erakutsi zizkion, eta sexu harremanak izan zituzten, Ertzaintzaren esanetan.

Ikertzen jarraituko dute

Salaketa jaso eta gero, susmagarria identifikatu zuten, eta asteazkenean atxilotu. Atxilotu zutenean zeuzkan sakelako telefonoa eta hiru USB memoria kendu zizkioten. 

Ertzainak atxilotuaren etxera sartu dira gaur, miatzeko. Autoa eta trasteleku bat ere miatu dituzte, eta «salatutako gertaerekin zerikusia izan dezaketen hainbat ebidentzia jaso dituzte». Ertzaintzak ikertzen jarraituko du, ea biktima gehiago dauden jakiteko, halako delituetan «ohikoa izaten baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.