Gizon bat atxilotu dute Palman (Espainia), intimitatearen kontrako delitua eta mehatxu delitua egitea egotzita. Espainiako Poliziaren arabera, gizona sare sozialen bidez jartzen zen harremanetan biktimekin, eta, elkarrizketa baten ondoren, sexu irudiak bidaltzen zizkioten, hark eskatuta. Gerora, irudi horiek hedatuko zituela esanez mehatxu egiten zien, eta hori ez gertatzeko, dirua eskatu. Atxilotuak biktimek egindako ordainketak jasotzen zituen, eta diru hori kriptodiruen sareko diru zorro batera bidaltzen zuen.
Irunen (Gipuzkoa) hasi zuten kasuaren inguruko ikerketa, gazte batek xantaia baten biktima izaten ari zela salatu zuelako. Biktimak azaldu duenez, Instagram bidez mezu bat jaso zuen, egun batzuk lehenago lagun izateko eskaera bidali zion pertsona ezezagun batena. Kontuko profilean emakumezko baten argazkia agertzen zen, eta eskaera onartu egin zuen. Elkarrizketa Telegram bidez jarraitzeko esan zion, eta biktimak hala egin zuen. Elkarrizketan zehar, kontaktu hark biktimarekin argazki eta bideo intimoak partekatzea proposatu zion. Hark onartu egin zuen.
Proposamena onartu ostean, gizonak bostehun euroko ordainketa egiteko esan zion biktimari, Bizum plataformaren bidez. Eta, ordainketa egiten ez bazuen, mehatxu egin zion eduki sexual hori biktimaren ingurukoei bidaliko ziela esanez.
Ikerketa, zabalik
Ordainketa horiekin zerikusia duelakoan atxilotu dute gizona, eta Poliziak zehaztu du guztira 4.800 euro inguru bildu dituela.
Oraingoz, beste hamahiru biktima identifikatu dituzte, baina ikerketa zabalik dago oraindik, eta ez dute baztertzen biktima eta atxiloketa gehiago egotea.