Donostiako Antzoki Zaharreko ateak itxita daude, eta eserlekuak, hutsik. 18:00ak dira. Antzokiko langileek atea ireki diote gizon bati. Bere buruarekin gogoetan eman du paseo bat Parte Zaharrean, ondoren herritar ugariri esango diena hausnartzeko. Atef Abu Saif da, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohia eta idazlea: «Palestinako bandera ugari daude Euskal Herriko kaleetan, eta argazkiak atera eta bidali dizkiet senideei, baita Gazan ditudan lagunei ere. Esan diet hemen jendeak babesten gaituela, ulertzen gaituela, eta beraiek ere borrokan ari direla su etena gertatzeko».
Abu Saif Euskal Herrian dago: Gazako egunerokoa liburua aurkezten ari da, BERRIAk, Jakinek eta Elkarrek Aleka bilduman argitaratutakoa. Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariak eta Arantxa Elizegi Mundua saileko editoreak elkarrizketa bat egin diote Antzoki Zaharrean. Leporaino bete dute Abu Saifen gogoetak entzun nahi zituzten euskal herritarrek. Elkar fundazioko patronatuko lehendakari Joanmari Larrarteren ustez, «sekulako zortea» da liburu hori euskaraz izatea: «Errealitate gordin bat kontatzen du». Bat dator Lorea Agirre Jakineko zuzendaria, eta nabarmendu du liburu hori elkartasun ekintza bat ere badela: «Hizkuntza, kultura eta herri ukatuok badugu sentsibilitate bat beste borroka batzuekin bat egiteko. Euskal Herrian oso-oso erraz harrapatzen dugu non dagoen menderakuntza, non dagoen ukazioa eta non dagoen txikizioa. Uste dut Palestina dela momentu honetan gizatasunari eusteko lehen lerroa».
«Sekulako interesa daukat jakiteko bere ustetan zein izan daitekeen bilakaera edo zer eragin izango duen horrek»
EIDER MENDOZAGipuzkoako ahaldun nagusia
18:15 dira, eta dena prest dago ateak irekitzeko. Barruan dago Orsola Casagrande kazetaria; haren bitartekaritzarik gabe ez zen posible izango liburua euskaraz izatea: «Atefek Gazatik mezuak bidaltzen zizkigun, eta, irakurri genituenean, ohartu ginen ahalik eta hizkuntza gehienetara itzuli behar genituela. Oso garrantzitsua da Atef hemen egotea. Esan nahi du bizirik atera dela, eta han gertatzen dena salatu dezakeela».
18:30 dira. Ateak ireki dituzte, eta antzokia betetzen hasi da. Bere lekua hartu du, esaterako, Eider Mendozak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak: «Aurrekoan zortea izan nuen berekin bakarka egoteko, eta hainbat gaiez hitz egin genuen. Galdetu genion Iranek zer paper zeukan honetan, eta esan zigun ez zela bustiko. Handik ordubetera misilena gertatu zen. Sekulako interesa daukat jakiteko bere ustetan zein izan daitekeen bilakaera edo zer eragin izango duen horrek».
«Euskal Herrian erraz harrapatzen dugu non dauden menderakuntza, ukazioa eta txikizioa»
LOREA AGIRREJakineko zuzendaria
Eskailerak jaisten ari da EH Bilduko Donostiako zinegotzi Juan Karlos Izagirre: «Dena egin behar dugu Gazako sarraskia gelditzeko: mobilizazioak badaude, lan diplomatikoak egin behar dira, eta elkartasuna adierazi behar da». Sartu da aretoan, eta han topatu du Podemoseko Gipuzkoako batzarkide Miren Etxebeste, bere eserlekuaren bila: «Zuzenean entzun nahi dut zein den Gazako egunerokoa. Horrelako aukera izatea paregabea da jakiteko benetan zer ari den gertatzen, zer irtenbide ikusten dioten eta zer egin dezakegun hemendik».
Gordina, ezin gehiago
18:50 dira. Lehen txirrina jo dute, eta leporaino beteta dago ja aretoa. Bi protagonista publikoaren artean eserita daude: Maialen Berasategi eta Irene Arrarats dira, liburuaren itzultzaileak. «Ardura handia izan da Atef Abu Saifen hitzak euskal irakurleei ekartzea, eta esperientzia gogorra, ederra eta beharrezkoa», nabarmendu du Berasategik. «Liburua ere oso ederra da, gordina, ezin gehiago. Ikusten da Abu Saif idazlea ere badela», erantsi du Arraratsek.
«Oso garrantzitsua da Atef hemen egotea. Esan nahi du bizirik atera dela, eta han gertatzen dena salatu dezakeela»
ORSOLA CASAGRANDEKazetaria
18:55 dira. Bigarren txirrina. Elixabete Garmendia kazetaria aspalditik dago prest: «Abu Saifen kronikak BERRIAn lerroz lerro eta hizkiz hizki jarraitu nituen. Hortaz, ez nuen minutu bat ere galdu sarrera ateratzeko». Ez du urruti Pilar Garaialde estatu indarkeriaren biktima: «Sionismoaren aurkako nire jarrerak mugitu nau hona etortzera».
19:00 dira. Abu Saif, Mujika eta Elizegi oholtzan daude. Mujikak hartu du hitza: «Abu Saifekin egotea gizatasuna zer den sentitzea da». Argiak itzali dituzte. Gizatasuna dago oholtzan, eta elkartasuna dago hari entzuten.