Gizarteko sektore gehienak izango dira Palestinaren aldeko manifestazioan

Bihar egingo dute manifestazioa, 17:30ean, Donostian. «Ezin gara isilik mantendu genozidio honen aurrean», nabarmendu dute antolatzaileek.

Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak agerraldi bat egin dute gaur. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urriaren 20a
18:45
Entzun

Bi aste beteko dira bihar Israelen eta Gazaren arteko gerra hasi zenetik. Gerra hasi eta astebetera aurkeztu zuten Euskal Herriko hainbat sektoretako pertsonek Gernika-Palestina Deialdi Herritarra, palestinarrei elkartasuna adierazteko. Bihar, manifestazio nazionala egingo dute Donostian; 17:30ean abiatuko da Antiguako tuneletik. Oso denbora gutxian antolatu dute elkartasun oldea, eta biharko manifestazioa izango da lehen erakustaldia. Euskal Herriko 155 pertsona ezagunek eta gizarteko denetariko sektoreetakoek bat egin dute biharko manifestaziorako deialdiarekin.

Donostiako hotel batean agerraldi bat egin dute gaur Gernika-Palestina Deialdi Herritarreko zenbait kidek, eta berretsi dute Palestinako gatazkaren konponbide politikoa bilatzeko deia. «Ezin gara isilik mantendu genozidio honen aurrean. Premiazkoa da eskalada belikoa gelditzea, eta bake eta itxaropen etorkizuna eskaintzea», nabarmendu dute Zuriñe Rodriguez kazetariak eta Foro Sozialeko buru ohi Agus Hernanek, egitasmoaren antolatzaileen izenean.

Atxikimendua adierazi dutenei «eskuzabaltasuna eta konfiantza» eskertu dizkiete. Izan ere, biharko manifestaziora joateko deia egin dute denetariko alderdi politikoek, sindikatuek, gizarte mugimenduek, kultur taldeek eta kooperatibek. Gizarte mailan ezagunak diren 155 norbanakok ere bat egin dute. «Mobilizazio masibo bat izan daitekeela uste dugu», esan dute Rodriguezek eta Hernanek.

Deialdiarekin bat egin dute EH Bilduk, Podemos Ahal Duguk, Ezker Anitzak, Zurekin Nafarroak, EH Baik, Sortuk eta Alternatibak. Hernanek esan zuen EAJk haren kideei «askatasuna» eman diela manifestaziora joan ala ez erabakitzeko. Txalotu egin dute jeltzaleen «jarrera proaktiboa».

Nabarmendu dute Euskal Herriko sindikatu «guztiek» egin dutela bat mobilizazioarekin; ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde, CGT eta Solidari sindikatuek, hain zuzen ere.

Gizarte mugimendu ugarik ere dei egin dute manifestaziora batzera. Tartean dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako GKE gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundea, Aitamari Itsas Salbamendu Humanitarioa, Euskal Herriko Bilgune Feminista eta Calcuta Ondoan elkartea.

Kulturgintzatik ere batu dira deialdira Oreka TX, Tapia eta Leturia eta Xiberoots taldea, besteak beste. Sortzaile eta artista ugarik ere adierazi dute haien atxikimendua: Maialen Lujanbiok, Itziar Ituñok, Joxe Mari Agirretxek, Pello Reparazek, Fernando Bernuesek eta Yogurina Borovak, besteak beste.

Akademiako kide ugarik ere bat egin dute; tartean da Nekane Balluerka, EHUko errektore ohia. Atxikimendua adierazi duten kazetariak ere asko dira; Xabier Madariaga eta BERRIAko zuzendari ohi Martxelo Otamendi dira bi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.