Ardura eta aukera. Biak ditu gizarteak, Bake Bidearen eta Lokarriren iritziz, «zailtasun eta oztopoak» badirela aitortu arren. Bake «justu eta iraunkor» baterako bidean, gizartearen parte hartzea eta protagonismoa bultzatu nahi dituzte. Hori da prozesuak aurrera egiteko bermea, bi talde horietako kideen esanetan: «Ardura hori onartu eta geure egin behar dugu, eta aukera baliatu. Ezin dugu itxaron inork gure izenean lan horri ekin diezaion. Ez litzateke bidezkoa izango, ezta demokratikoa ere. Guk egin behar dugu, eta egin dezakegu». Beste pauso bat eman dute orain bide horretan, Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordea aurkeztuta. Hain zuzen,«gizartearen aniztasun zabalaren ordezkari» gisa hautatu dituzte batzordea osatu duten zortzi adituak.
Epaile eta abokatuak, kazetariak eta giza eskubideen aldeko erakundeetan esperientzia duten pertsonak dira; Euskal Herrikoak gehienak, baina baita inguruko herrialdetakoak ere: Fernando Armendariz, Anne Marie Bordes, Henri Duhalt, Maite Perez Larunbe, Nazario Oleaga, Jordi Armadans, Garbiñe Biurrun eta Michel Tubiana. Azken hirurak aurkezpenean ezin izan ziren egon, baina Aieteko jauregian bertan izan ziren gainerako bostak, Lokarriko Paul Rios eta Bake Bidea mugimenduko Peio Dufaurekin batera.
Dufauk ekin zion aurkezpenari, eta azaldu zuen Foro Sozialaren hamabi gomendioen «ezarpena kudeatzea» izango dela batzordearen helburu nagusia, erakundeekin, alderdiekin eta «bake prozesuan inplikatuta dauden gainontzeko eragileekin» elkarlanean.
Helburu nagusi hori ipar hartuta, lau zeregin zehatz izango dituzte batzordeko zortzi lagunek. Lehena, Foro Sozialaren gomendioak aintzat hartuak izan daitezen lan egitea; bigarrena, erakundeen, alderdi politikoen eta gizarte zibilaren parte hartze «zabal eta aktiboa» bultzatzea eta erraztea; hirugarrena, «bake prozesuan inplikatutako erakunde eta eragile nagusiei» gomendioen edukia aurkeztea; eta azkena, gomendioen edukiari buruzko elkarrizketa eta iritzi trukerako bideak zabaltzea eragile horiei.
Aniztasuna, «aukera»
Batzordeko kideek ere hartu zuten hitza, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Zortziak jatorri eta ideologia anitzekoak direla esan zuen Bordesek, eta nabarmendu zuen, oztopo izan beharrean «aukera» dela aniztasun hori. «Batzen gaituena da bake prozesuarekin konprometituta eta arduratuta gaudela». Elkarlana izango baita oztopoak gainditzeko bidea, haren hitzetan: «Iritzi aberastasun horretatik abiatuz, bake prozesua bultzatzeko eta errotzeko ekarpen bat egitea espero dugu». Horretarako, guztiekin lan egiteko prest agertu dira.
Riosek zehaztu zuenez, lehen bilerak egin dituzte jada batzordeko kideek, baina Gabonen ondoren zehaztuko dituzte ekintza eta egutegi zehatzak. Horretan, Lokarriren eta Bake Bidearen laguntza izango dute. Bi talde horiek arduratuko dira koordinaziorako baliabideak eskaintzeaz, batzordeko lagunen lana errazteko. Gainera, eztabaidarako guneak sortu eta mintegiak antolatuko dituzte herritarrek eta eragileek ekarpena egin dezaten, gomendioak garatzeko eta ezartzeko ideiak sortuz laguntzeko.
Hain zuzen, otsailean Baionan egingo duten bake foroa izango da horietako bat, gomendioei buruz aritzeko. Joan den astean iragarri zuten Bake Bidea mugimendukoek, baina oraindik ez dute egunik zehaztu. «Egituratzen bagara, gizarte zibila egituratzen bada, [foro sozialetik ateratako] gomendioak eskuetan harturik, gaitasuna eta boterea dugu egoera aldatzeko, estatuak ados izan ala ez», ziurtatu zuten orduan.
Baionan egingo duten bigarren foroa izango da otsailekoa. Iazko abenduan, Ipar Euskal Herriko kolore guztietako eragile politikoek hartu zuten parte, eta elkarrizketarako mahai bat eratzea adostu zuten adierazpen baten bidez.
Gomendioen bidea
Hura izan zen gizartearen parte hartzea sustatzeko Bake Bideak eta Lokarrik antolatutako lehen foroa, eta joan den martxoan Iruñean eta Bilbon egindakoak izan ziren hurrengoak. Foro Sozial horretatik atera zituzten maiatzean Aieten aurkeztutako hamabi gomendioak. Bertan, hainbat neurri proposatu zituzten ETAren desarmatze eta desegiteaz, preso eta iheslarien itzuleraz, giza eskubideak errespetatu beharraz, eta egiaz eta memoriaz. Foro Sozialean parte hartu zuten nazioarteko hamabi adituek ez ezik, eragile eta herritarrek ere egin zizkieten ekarpenak gomendioei. Bostehundik gora jaso zituzten denera. Ondoren ere aritu dira zabalpen lanean; orain dela bi aste, adibidez, Suitzako Parlamentuan aurkeztu zituzten.
ETAk, esaterako, «baikortzat» jo zuen «jendartearen protagonismoa indartzea», eta gaineratu zuen gomendioei buruzko «iritzia» helaraziko ziela sustatzaileei. EPPK-k ere «gomendioak jasotzeko eta aztertzeko konpromisoa» hartu zuen, «ikuspegi eraikitzailetik» bere ekarpena egiteko. Eusko Jaurlaritzak eta alderdi abertzale eta subiranistek ere baikortzat jo zuten Foro Sozialaren ekarpena. Atzo bertan, Sortuko Amaia Izkok ziurtatu zuen jarrera arduratsu eta eraikitzailea izango dutela batzordearekiko, gomendioak «baliagarriak» direlako, eta hala egiteko eskatu zien gainerako eragileei ere.
Nelson Mandelaren hitzak ekarriz, jarrera egokien beharra aipatu zuten antolatzaileek atzoko ekitaldian: «Belaunaldi berriek ez dezatela sekula esan indiferentziak, zinismoak eta egoismoak porrotera eraman gintuztela».
Foro Soziala. Batzordearen aurkezpena
Gizartearen bultzadarekin saiatuko dira gomendioak aurrera eramaten
Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordeak bilerak egingo ditu inplikatutako erakunde, alderdi eta eragileekin, elkarlana sustatzekoLegelariak, kazetariak eta giza eskubideen aldeko erakundeetakoak daude taldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu