Gema Perez Rojo. Psikologoa

«Gizartean geroz eta zorrotzagoak gara adineko pertsonekin»

Askotan adineko pertsonak haurren moduan tratatzen direla azaldu du Perez Rojok; adinekoak haur bihurtzen direla. Nabarmendu du pertsonen balioa dela kontuan hartu beharrekoa, eta ez adina.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
«Gure gizartean adinekoak ez dira kontuan hartzen», adierazi du Gema Perez psikologoak (Madril, Espainia, 1977), EHU Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan. Haren ustetan, zaharrak askotan ez dira behar bezala zaintzen, eta estereotipo «gehiegi» daude adinekoen inguruan.

Adineko pertsonak gizartean baloratzen dira?

Uste dut aldaketa kultural bat egon dela. Lehen pentsatzen zen adineko pertsona bat jakintsua zela, esperientziaduna; urte luzeetan bizitako guztia merezimendu moduan ikusten zen. Gainera, zahartzea ongi baloratzen zen; izan ere, guztiak ez ziren iristen zahartzarora. Orain, ordea, gauzak aldatu egin dira: geroz eta jende gehiago iristen da zahartzarora. Beraz, egun adinekoei buruz hitz egitean aipatzen da traba bat direla eta gizartean eragiten duten gastua handia dela.

Beraz, karga ekonomiko moduan ikusten dira adinekoak?

Bai, baina aitortzen dut hala direla bakarrik ekonomiari erreparatuz gero. Baina pertsonen balioa izan behar dugu kontuan. Adinak ez du balioa kentzen; pertsona baliagarriak izaten jarraitzen dute. Krisiarekin, esaterako, adinekoen garrantzia izugarrizkoa izaten ari da: zenbait kasutan haiek dira familia zaintzeaz arduratzen direnak, eta ekonomikoki ekarpenak ere egiten dituzte. Baina hori ez da erakusten, adinekoen alde positiboak ez dira azaltzen. Estereotipo gehiegi daude.

Zein dira estereotipo horiek?

Ez dutela gaitasunik ezer haien kabuz egiteko, berekoiak direla, ez dutela ezer produzitzen eta, beraz, ez dutela ezertarako balio, gaixotasunak, oroimen arazoak... Horiek dira adibide batzuk. Zahartzaroa zerbait txarrarekin lotzen dugu, beraz, inork ez du zahartu nahi.

Badago adinekoak haurren moduan tratatzeko joera.

Bai. Kontuan izan behar dugu adinekoak haurren moduan tratatzea tratu txar mota bat dela. Iruditzen zaigu adinekoak direlako ezin dituztela egin hainbat gauza. Baina askatasun hori ematen badiegu ikusiko dugu gaitasuna badutela eta gauzak haien kabuz egiten dituztela. Baina askotan ez diegu aukera hori ematen. Infantilizatu egiten ditugu, hau da, adinekoak haur bihurtzen ditugu. Baina haurrekin ez bezala, gizartean geroz eta zorrotzagoak gara adineko pertsonekin, eta geroz eta gutxiago onartzen diegu. 25 urteko pertsona batek ez badu zerbait lehenengoan asmatzen, ez da ezer pasatzen. Aldiz, adinekoa bada ez duena asmatzen, badirudi behin ez asmatzeagatik inoiz ez duela asmatuko. Jateko orduan ere pasatzen da. Heldu batek ez badu goserik, ez da larritzeko ezer; adinekoa bada, zerbait gertatzen zaio. Ez da justua.

Instituzioek nola jokatzen dute?

Askotan ez da eredugarria haien jokatzeko modua. Informazio ugari ezkutatzen zaie adinekoei. Esaterako, adineko bat medikuarengana joaten denean beste pertsona batek lagunduta, adinekoari ez zaizkio zuzenean mintzatzen, eta alboan duenari ematen dizkiote azalpenak. Edo gaixotasunen bat badu, askotan familiari esaten zaio, eta ez adinekoari. Zergatik ezkutatu informazioa? Hark hartuko du gehien gustatzen zaion erabakia. Badirudi 65 urterekin ez dutela erabakitzeko gaitasunik, eta oker gaude horretan. Hala ere, Euskal Herrian lan handia egiten ari dira adinekoek jasotzen duten tratua hobetzeko.

Zahar etxeak: bai ala ez?

Aldatzen badira, bai. Malguagoak bihurtzen badira eta adinekoei ematen zaien tratua pertsonalizatuagoa bada, bai. Oraindik, ordea, zahar etxe askotan garrantzi handiagoa du zentroaren egiturak berak, adinekoek baino. Hala ere, behar-beharrezko baliabideak direla uste dut, pertsona batek ezin duenean adineko bat zaindu, edo ez duenean adineko pertsona zaindu nahi. Uste dut eskubidea izan behar dugula norbait zaindu nahi dugun edo ez erabakitzeko. Pentsa norbait ez dela zoriontsua izan bere gurasoekin, edo gaizki tratatu dutela. Zergatik zaindu behar ditu? Inor ez dago legezbehartuta bere gurasoak zaintzera. Horregatik uste dut oso baliabide onak direla zahar etxeak. Oso profesional onak behar dira, eta bertan dauden adinekoak behar bezala zainduta egon behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.