Txaro Arteaga. Emakundeko zuzendari ohia

«Gizarteak prostituzioaz daukan ikuspegia da arazoa»

2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Emakundek 25 urte bete ditu aurten, eta ospakizunak egin dituzte. Lana bada egiteko alor horretan, ordea, aste honetako hilketek bistan jarri dutenez. Txaro Arteaga Emakundeko lehen zuzendariak Berria.info-ko irakurleen galderei erantzun zien atzo eguerdian.

Bilboko azken erasoa dela-eta izan da eztabaida igandean jipoitu zuena prostituzioan aritzen zen edo ez komunikabideek esan behar ote duten. Zer deritzozu? Leire Manias.

Komunikabideetatik ahalik eta datu gehienak eman behar dira, edozein egoeratara egokitzeko. Arazoa da gizarteak daukan ikuspegia prostituzioari buruz. Azpimarratu nahi izanez gero prostituta izateak justifikatzen duela eraso bat, orduan ez, ezerk ez baitu justifikatzen eraso bat; baina, egoera bat argitu nahi izatera, beste datu bat bezala ongi legoke. Gauza da zaila dela irakurleak zer irakurketa egiten duen jakitea. Intentzionalitatearen araberakoa da, eta eztabaidagarria betiere.

Bilboko gimnasiokoaren irudiak eta guzti dituzte telebistek. Hor ari dira eman eta eman, erasotzailea psikopata azkar bat ote den, burua joan ote zaion tumore bat duelako, nolakoa zen... Genero indarkeria non geratu da? Zer iruditzen zaizu komunikabideen jokaera? Amaia.

Genero indarkeriari buruz, are gehiago genero sistemari buruz, formazio gutxi dago, baita komunikabideetan ere. Albiste horiek ematen dituzten gehienek ere ez dute formaziorik. Nire ustez, oso garbi dago, datuen arabera, genero indarkeria dela. Komunikabideetatik saiatu beharko lirateke egoera horiek baliatzen, hain justu, jendeari erakusteko zer gertatzen den eta non dagoen gakoa. Eraso horien oinarrian gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna dago, eta generoaren baitako sozializazioa. Gizona ez da gizona sentitzen kontrolatzen ez badu, agintzen ez badu, eta andrea mendekotasunean sozializatzen da. Hori noski oso gai konplexu eta sakonaren sinplikazioa da.

Berdintasunari begira gizonok hausnarketa egin behar dugula-eta... Zein aldaketa lehenetsi beharko genuke? Rober.

Zuen gizontasuna aztertu beharko zenukete, eta jokaera aldatu. Emakumeok aspaldi gure emakumetasunari buruz egin dugun eta etengabe egiten ari garen azterketa egin beharko zenukete; hortik aurrera izango genuke aukera gure feminitate eta maskulinitate berriekin elkarbizitzeko.

Zer iruditzen zaizu alkateek alarde tradizionalak babestea? Zer egin daiteke alor horretan? Carmen.

Ez dakit. Ahaleginak egin nituen hori aldatzen. Hiru alkate ezagutu nituen. Alberto Buenek ez zuen gaia ulertzen; benetan sinesten zuen hori ez zela diskriminazio bat. Beste biek, Borja Jauregik eta Jose Antonio Santanok, oso garbi daukate emakumeen eskubidea dela alardean parte hartzea, baina, botoak ez galtzearren, beste joko bat erabiltzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.