Euskal presoak. Euskalduna jauregiko ekitaldia

Gizarteak markatutako bideari jarraituz

Lluchek, Manriquek, Garciak, Zabalzak eta Zamarreñok parte hartu dute Sarek antolatutako solasaldian, eta dei egin dute elkarbizitzaren alde urratsak egiteko

Atzo eginiko mahai inguruko protagonistak, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
Bilbo
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
ETA desegin zenetik hamar urte igaro diren honetan, agenda politiko eta publikoan dirau oraindik erakunde armatuak, eta, hari buruz hitz egitean, iragana eta oraina nahasten dira maiz. Atzera begiratu beharrean, baina, aurrera begira jartzeko eskatu die Sare plataformak gatazkaren alde bateko eta besteko biktimei, elkarbizitzarantz aurrera eginez. Bide horretan, haiek argi dute: «Gizartea instituzioen aurretik doa».

Bizikidetza eraikitzeko «biktima guztien parte hartzea» beharrezkoa dela uste du Sarek, eta hala adierazi die Pilar Kaltzada kazetariak Bilboko Euskalduna jauregiko oholtza gainera igo direnei. ETAren biktima dira Robert Manrique, Rosa Lluch eta Naiara Zamarreño. «Irizpide propiodunak», Manriqueren hitzetan. Hala, hirurek ere badute euren sufrimenduaren «erabilera alderdikoiak» jasan izanaren sentsazioa, haietaz hitz egin bai, baina entzun ez dituztelakoan. «Inork ez digu galdetu ea zer sentitzen dugun, ea zer behar dugun», azaldu du Lluchek.

Hark adierazi du, baina, beste bi mahaikideekiko ezberdintasuna: «Nik esan dezaket ETAren biktima naizela, eta aitorpena jasoko dut. Eurek ez». Izan ere, Maider Garcia eta Idoia Zabalza GALen eta Guardia Zibilaren biktima dira, hurrenez hurren. «Guretzat ez da memoriarik existitzen», azaldu du Garciak. «Ostrazismoan bizi izan gara», gehitu du Zabalzak, azken urteetan urratsak egin direla uste duen arren: «Hasi gara gaia agendan jartzen, baina gauzak ez dira nahiko genukeen moduan gertatzen ari».

Denek ere badute justiziabeharra, kontzeptuari ikuspegi ezberdinetatik begiratzen dioten arren. Lluchen esanetan, hark ez du «ETAren barkamen beharrik», baina uste du batzuek behar hori izanez gero zenbait urrats egin beharko direla. Manriquek eta Zamarreñok «biktimen lasaitasunerako ezinbestekotzat» jo dute argitu gabe dauden atentatuak argitzea. Estatu egiturei lotutako taldeen atentatuak ikertzeaz, baina, Garciak uste du ez dela horretarako eskubiderik aitortzen: «Praktikan, ez dugu egia jakiteko eskubiderik».

Irakurri, ikusi eta entzun

«Klase politikoaren parte batek eginiko urratsak ezkutatu nahi izan dituen arren», Manriquek uste du euskal gizarteak erakutsi duela zein den aurrera egiteko bidea. «Irakurri, ikusi eta entzun egin behar da», gehitu du Lluchek, «gertatu denaz dakigun gutxi hori ulertu ahal izateko». Haren hitzetan, zer gertatu den jakiteak «eskuzabaltasuna» eskatzen du: «Ez duzu guztiarekin ados egon behar, baina jakin behar duzu zer gertatu den».

Bide beretik, Euskal Herriko hainbat ikastetxetan eginiko hitzaldiak ekarri ditu gogora Garciak, eta haietan parte hartzera animatu ditu bateko eta besteko biktimak. Gazteek euren esperientzien berri izan behar dutela uste du hark, eta estatu osora zabaldu beharko litzatekeela dinamika: «Biktima guztien ahotsak jasota. Alde guztiak irakurrita. Pluraltasunetik». Izan ere, Zamarreñok uste du Euskal Herrian elkarbizitzaren alde egin den lanaren zati handiena ez dela ikusten lurraldetik kanpo: «Elkarrekin bizi nahi duten herritarrek urrats handiak egin dituzte».

Egitekoen zerrendan dago espetxeetako salbuespen legediaren amaiera ere, hizlarien arabera. Manriquek argi du zer behar den: «Araudiak betetzeko daude». Izan ere, Garciaren iritziz, presoek eskubideak dituzte, eta horiek errespetatu behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.