Borrokak bere fruituak ematen dituelako zoriondu ditu euskal herritarrak Alberto Friasek, Araba Garoñarik Gabe plataformako eledunak. Aspalditik espero zuten berria jaso dute, eta herri mugimenduaren aldeko apustua egin izana nabarmendu dute.
Espainiako Gobernuak jakinarazi du Garoña ez dela berriro zabalduko. Nola jaso duzue berria plataforman? Espero al zenuten?
Ixteko erabakia zen onartuko genukeen aukera bakarra. Guk 2012an ospatu genuen dagoeneko itxiera, eta eskatu genuen erabakia behin betiko izan zedin. Hasiera batean, ez zen behin-behineko aldaketarik izango, baina PPk egindako lege moldaketekin aldatu ziren Nuclenor enpresak zentrala irekita mantentzeko zituen aukerak.
Luze jo du, beraz, bost urteko prozesuak.
Prozesu luze batean murgildu ginen, eta egoera onartezin eta ulertezin batean amaitu genuen: sinesgaitza zen guretzat CSNk zentralari irekitzeko baimena eman izana. Geroztik, gardentasunik eza baino ez dute erakutsi.
Alvaro Nadal ministroak esan du ez dela eztabaida lasairik izan Garoñaren inguruan. Zer iruditzen zaizu?
Bakoitzak bere burua engaina dezake, baina gizarteak badaki politikariak abilak direla aitzakiak bilatzen: beste aukerarik ez dutenean, legea aldatzeko gai dira. Sinetsarazi digute Garoña arrazoi ekonomikoengatik itxi dela, baina, funtsean, gizarteak egindako presioari esker itxi da, hala lortu baitzen segurtasun neurriak handitzeko eskatzea. Ez bagenu salatu, Garoñak irekita jarraituko luke, eta enpresek ez lukete inbertsiorik egin beharko irekitzekotan. Zalantzarik gabe: gizarteak egindako lanari esker itxi da.
Nolako erantzuna eman dute herritarrek urte hauetan?
Inoiz izan den herri batasunik sendoena sortu da. Plataformatik Euskal Herriko gizartea zoriondu nahi dugu, erakutsi duen heldutasunagatik eta kontzientziagatik.
Manifestazio jendetsuak egin dituzue.
Martxoaren 18an egindako manifestazioa inoiz egindako jendetsuena izan zen. Horregatiknabarmendu nahi dugu zeinen garrantzitsua den herri mugimendua, eta, askok kontrakoa uste duten arren, borrokatuz gero posible dela emaitza onak lortzea. Arrakasta handia da gizartearentzat.
Noiz hasi ziren alderdi politikoak inplikatzen, eta zergatik?
Argi dugu herritarrak ez garela talde politikoen lehentasuna. PSOE izan zen Garoñari luzapena eman zion alderdia. Euren interesen alde egiten dute beti. Hori da plataformatik egin dugun kritika: alderdi askok hitzeman zizkiguten gero bete ez zituzten gauzak. Uste dugu prozesu luze hau saihestu zitekeela, bere garaian alderdi bakoitzak esandakoa bete izan balu.
PPk zentralaren itxiera defendatu zuen kanpainan, eta irekieraren alde azaldu zen Madrilen.
Euskal Herriko talde politiko guztiek esan zuten itxieraren alde zeudela, eta horregatik ez genuen jokabidea ulertu: PPk bere interesen alde egin zuen, komeni zaionarekin harreman ona izaten saiatzen baita beti, eta hori da inporta zaion gauza bakarra;bestalde, beste alderdiek interes ekonomikoen alde jokatu dute une oro.
EAJren bi aurpegiak ere kritikatu izan dituzue.
EAJri eskatu genion PPrekin edozein hitzarmen ekonomiko egitean baldintza gisa jartzeko Garoña ixtea, eta baldintza hori bete ezean inongo akordiorik ez erdiesteko; baina ez zuen bere hitza bete.
Garoñaren itxiera. Ekologisten iritzia. Alberto Frias. Araba Garoñarik Gabe plataformako eleduna
«Gizarteak egindako lanari esker itxi da Garoña»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu