Sare Herritarrak manifestazio nazionalera deitu du hilaren 11rako, Behin betiko lelopean. Begoña Atxa Sare Herritarreko bozeramaileak (Zornotza, Bizkaia, 1982) nahi du azken manifestazioa izatea, bakea eta elkarbizitza behin betiko lortu diren seinale izango litzatekeelakoan. Beñat Uribe-Etxeberria Gipuzkoako arduradunak (Villabona, Gipuzkoa, 2000), berriz, «borondatea» eskatu du urte berrirako: «Norbanakoek eta eragileek ez ezik, alderdi politikoek ere borondatea erakustea gatazkaren ondorioen prozesuei bukaera emateko, eta behingoz, bakean eta elkarrekin bizitzeko».
Behin urruntze politikak bukatuta, salbuespenezko espetxe politiketan zentratu zarete. 2024an, 7/2014 lege organikoaren erreforma onartu da. Pozik?
BEGOÑA ATXA: ETAren jarduna 2011n eten bazen ere behin betiko, pauso asko egiteko daude oraindik. Pozik gaude aurrerapausoak ematen ari direlako, baina azkarrago ibiltzea nahiko genuke.
BEÑAT URIBE-ETXEBERRIA: Begoñak esan bezala, ez dira guk nahiko genituzkeen edo legeak esaten duen bezain positiboak, badagoelako legez gehiago egiteko aukera, baina aurrera goaz.
Espainiako Estatutik kanpo betetako espetxe zigorrak aintzat hartuko dira erreformaren bidez. Ba al dakizue betetzen hasi den?
URIBE-ETXEBERRIA: Oraindik goiz da balorazioak egiteko.
ATXA: Aurrekariei erreparatuz, esan behar da Espainiako Gobernuak Europako lege hura ez zuela egokitu Espainiako legedira. Esan zuten: «Ados, atzerrian burutu diren zigorrak deskontatu egingo dira. Baina neurri hori ez zaie aplikatuko euskal presoei». Orain, Espainiako Gobernuak egokitu egin du legea, bere garaian Europako justiziak esan zion horren arabera: ez dago salbuespenik egiterik. Alde horretatik, legedia aplikatzen ari dira. Baina ez dakigu nola egingo duten. Askotan eskatu dugu aldaketa hau onartuta ez dadila egon bestelako interpretazioak egiteko aukerarik. Horretan ari gara.
Erreforma onartzean, harrabots handia piztu zen, eskuineko oposizioak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari eraso egiteko baliatu baitzuen auzia. Uste duzue horrek eraginik izango duela gainerako salbuespen politikak deuseztatzeko garaian?
URIBE-ETXEBERRIA: Argi dago eremu politikoa ere ezinbestekoa dela gatazka konpontzeko bidean. Politikariei eskatu behar diegu haien esku dagoen guztia egiteko konponbideak eta elkarbizitza lortzeko, gatazkaren ondorio hauek bukatu daitezen, izan Sanchez edo izan beste edozein.
ATXA: Gainera, ez da oposizioa egiteko moduko gai bat. Eskubideak dituzten subjektuez ari gara, eta eskubide horiek aplikatzea besterik ez dugu eskatzen. Araua hartu eta dioen hori aplikatzea, ez dugu nahi besterik. Ez gara beste eztabaidetan sartzen.
Salbuespenezko arauak amaiarazteko zer beste bide jorratuko dituzue?
ATXA: Gizartearen bultzada beharrezkoa da: eragile politikoak, sindikalak, kulturalak... Lege aldetik ere aldaketa bat egin beharra dago.
URIBE-ETXEBERRIA: Kanpo eragileak garrantzitsuak dira, noski, baina politikariek ere hartu behar dute euren ardura. Denok gara gizartearen parte, eta alderdi politikoak gizartearen erantzule ere badira. Euskal gizartearen parte handi bat ordezkatzen dute askok. Herri bultzada horretatik ikusten da Sareren aldarrikapenek erreferentzia egiten diotela behar bati, eta badagoela nahi bat eragile politikoek pauso bat eman dezaten.
7/2023 elgea baliogabetzea jauzi handia litzateke, 60 presori eragiten baitie. Aukerarik ikusten duzue?
ATXA: Fasez fase goaz aurrera. Legedi arrunta aplikatuz gero, preso gehienak kalean egon daitezke. Guk gizartea mobilizatuko dugu, eragile politikoei eskatu diezaien salbuespen egoera bukatzeko.
ETA desegin da, baina duela 20 edo 30 urte diseinatutako salbuespenezko neurriek indarrean diraute. Zergatik? Badago lobby bat galga lanak egiten dituena?
URIBE-ETXEBERRIA: Mendeku gosea ikusten zaie, eta mendeko politikak defendatzen dituzte. Baina ez gara sartuko haien eztabaidan. Agerikoa da herri honetan bizi izandako gatazkari bukaera eman behar zaiola behin betiko. Halere, esango nuke Espainian ere badagoela borondatea aurrera egiteko eta gatazka atzean uzteko.
Aurten ere gizarte eragile askoren babesa jaso du deialdiak. Sumatzen duzue gizartean badela gatazka behin betiko gainditzeko nahia?
URIBE-ETXEBERRIA: Esango nuke beharra dagoela iraganean iltzatzen gaituzten politikak eta aldarriak albo batera uzteko, eta behingoagatik, etorkizunera begira jarri eta elkarbizitzaren bidean pausoak egiteko. Memoriaz eta errespetuz, noski, eta gertatutakoa landu beharko da, baina gainditu egin nahi da.
ATXA: Manifestazioarekin bat egiten duten eragileak geroz eta askotarikoagoak dira. Horrek erakusten du afera pentsaera jakin batetik harago doala.
Presoen auzia luzatzeak arriskuan jar dezake bizikidetza?
URIBE-ETXEBERRIA: Badaude hainbat gai oraindik konpontzeko daudenak: adibidez, askotariko biolentzien biktimen afera eta euskal presoen, iheslarien eta deportatuen auzia. Horiek ebazteko eta bukatzeko beharra dago. Hainbat preso, familia, lagun... gatazkan egotea dakar horrek, eta gatazka amaitzea ezinbestekoa da elkarrekin bizitzeko. Esparru guztiek bere bidea egin ezean, ezinezkoa izango da elkarbizitza, iraganean iltzatzen gaituzten ondorioak biziko baititugu oraindik ere.
ATXA: Presoen eta askotariko indarkerien biktimen artean hurreratze bat gertatzen ari da. Nahiko natural, gainera. Gatazka gainditzeko asmoarekin elkartzen ari dira, hori delako gehiengoaren nahia. Baina kanpotik, beste interes batzuk daudenez, trabak jartzen ari dira.
Zuen datuen arabera, urte hasieran EPPK-ko 25 preso zeuden hirugarren graduan. 41 izango dira urte amaieran. Arlo horretan ere, nahi baino motelago?
ATXA: Edozein aurrerapauso beti da positiboa. Nahi dugu EAEko gobernu aldaketarekin orain arteko bideari segitzea eta hirugarren graduei oztoporik ez jartzea. Badirudi eskariak onartu egingo dituztela aurrerantzean ere.
Zer moduz Imanol Pradalesen gobernuarekin? Aldaketarik nabaritu duzue?
URIBE-ETXEBERRIA: Kargudun aldaketak tarteko, geldialdi bat egon zen. Esan daiteke geldialdi teknikoa izan zela, behin arduradunak aldatuta berriz ekin baitzaio martxari. Eman dira baimen gehiago, eta esperantza daukagu bide horretan jarraituko dutela. Zerbait aldatzekotan, onerako aldatu dadila. Gehiago sakondu daiteke.
Hamasei erbesteratu eta hiru deportatu dauzkazue zenbatuta. Zertan da haien egoera?
URIBE-ETXEBERRIA: Juridikoki, norbanako bakoitza egoera batean dago, eta bakoitzak ahal duen edo komeni zaion moduan garatuko du. Gure eskaera da haiei ere soluzio bat ematea, gatazkaren ondorioetako bat direlako eta egoera konpondu beharra dagoelako.
Badira hamar urte Guardia Zibilak 100.000 euro enbargatu zizkizuela. Baduzue diru haren berri?
ATXA: Nahiko genuke aurten berriren bat izatea, baina seguruenik luze joko du. Beste makrosumario baten barruan ere badago diru sail hori. Noizbait bueltatuko digute dirua, behartuta daude eta, baina noiz?
Zuen jardunean nolako eragina du dirua enbargatuta egoteak?
URIBE-ETXEBERRIA: Sare Herritarrak oso laguntza gutxi jasotzen ditu. Dauzkagun eginbehar horiek behar ekonomikoak sortzen dituzte, eta, beraz, eragin oso handia du. Urtea joan eta urtea etorri, ikusi da geroz eta diru gutxiago jaso daitekeela manifestazioan, eta erabaki da beste iniziatiba batzuk martxan jartzea behar ekonomikoak asetzeko.