Gizartea, instituzioen aurretik

Administrazioen arteko lankidetza izan dute hizpide Alduntzinek, Zabaletak, Olanok eta Gorostiagak

Zabaleta, Alduntzin, Esnaola, Olano eta Gorostiaga. Martin Ugalde kultur parkean, atzo. G. GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Andoain
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herriko herrialde guztietako herritarrek eta eragileek euren artean sustatu dituzten harreman dinamikak euskal instituzioen aurretik doaz. Besteak beste, ondorio horretara iritsi ziren atzo Gaindegiak antolatutako mahai inguruan parte har-tu zuten ordezkari instituzionalak.

Euskal Herriko tokiko administrazioen arteko lankidetza izan zuten hizpide Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak, Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramaile eta diputatu nagusi ohiak, Patxi Zabaleta Aralarreko idazkari nagusi eta Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkideak eta Hur Gorostiaga Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko zuzendaritzako kideak. Euskal Herriko zatiketa administratiboa gaindituko duen egitura instituzional baten beharra aldarrikatu zuten laurek, eta hori lortzeko egun dauden zailtasunak eta aukerak jarri zituzten mahai gainean.

Juan Karlos Alduntzinen arabera, «aldebakarreko urratsak» egiteko garaia da. «Alor honetan ere normalizazioa behar dugu. Gure lurraldearen zatiketa onartuz parte hartu dugu eremu horretan, kontrabandoan ariko bagina bezala. Aldebakarreko erabakiak hartzeko ordua da. Kanpotik ez zaigu ezer etorriko».

Bilduko ordezkariaren iritzian, lan hori tokiko administrazioetatik abiatu behar da, udaletatik bereziki, «haiek ezagutzen baitituzte bertako eragileen beharrak ondoen».

Horrekin batera, Alduntzinek uste du «iritzi ildo bat indartu» beharra dagoela, Euskal Herri osoan egun dauden eragile eta egiturak barnean biltzeko.

Bide berriak

Markel Olanok, berriz, uste du elkarlan hori oztopatzen duten faktoreetako bat abertzaleen arteko «harreman kaskarra» dela. «Ezinezkoa da konfiantza sortzea konfrontazio estrategia batean jarraitzen badugu».

Era berean, Olanok uste du indar abertzaleen «agenda ezkutuek» kalte handia egiten dietela herrialdeen arteko elkarlan dinamikei. «Elkarlanaren beharra abertzaletasunarekin identifikatzen da, eta horrek zenbait eragile uxatzen ditu».

Batzarkide jeltzalearen irudiko, «abertzale / ez-abertzale» zatiketa gainditu eta «gizartea inplikatzeko bide berriak» jarri behar dituzte martxan instituzioek. Besteak beste, «kolaborazio publiko-pribatua egituratuz». «Arlo publikoak gehiegizko protagonismoa hartu du, eta erakunde asko daude, askotan nahasmeneraeramaten gaituztenak. Jende berria sartu behar dugu agendan, gizarte eragileei protagonismoa emateko».

Patxi Zabaletak eta Hur Gorotsiagak Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko egoera izan dute mintzagaia. Aralarreko buruzagiak gogor salatu du UPNko gobernuak Nafarroak Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin zituen loturak «apurtzeko» eraman duen estrategia. Jarrera horri aurre egiteko indar abertzaleek «estatu ikuspegiarekin» lan egin behar dutela nabarmendu du Zabaletak. «Euskal Herria erakunde mailan irudikatu behar da, gizarteak egitean duenari bitarteko instituzionalak emanez».

Hur Gorostiagak ere salatuegin ditu Frantziako eta Espainiako estatuen «asimilazio politikak». Gogoratu du, halaber, Ipar Euskal Herriko herrialdeak biltzen dituen egitura instituzionalik ez dela. «Ezin da benetako lankidetzarik sustatu existitzen ez den herrialde batekin».

Gorostiagak uste du, baina, gizarteak «aurrea hartu» diela instituzioei alor horretan. Hezkuntza dela edo kultur eta kirol emanaldiak direla Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean lankidetza esparruak sortu direla nabarmendu du. Era berean, «eskumenak partekatzeko» egitura baten alde azaldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.