Aieteko konferentziaren 10. urteurrena

Gizartea berme

Anaiz Funosasek eta Paul Riosek gazi-gozo begiratzen diote Aietek utzi zuenari: itxaropenak handiak ziren, baina gobernuek ez zuten espero zuten erantzuna eman. Gizartea eta haren ekina izan dira «estatuak behartzeko» eta «bakea eraikitzeko prozesuak» aitzinera egiteko ezinbertzeko tresna.

Anaiz Funosas eta Paul Rios, joan den astelehenean, Donostian, Aiete jauregiaren aitzinean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Arnagan (Kanbo, Lapurdi) elkartu zirenez geroztik ez zuten elkar ikusi, baina segidan hasi dira solasean, 2018an ETAk bere bidea bukatutzat eman zuenetik ia denborarik igaro izan ez balitz bezala. «Zer moduz urteurreneko jardunaldien antolaketa?». Anaiz Funosasek eta Paul Riosek ongi ezagutzen dute elkar, baita batu dituen gaia ere: Aieteko konferentziaren antolaketan aritu zen buru-belarri Rios, 2011n, Lokarriko kide gisa; Aietek Ipar Euskal Herrian utzitakoaren lekukoa hartu zuen Funosasek, urtebete geroago Bake Bidea mugimendua sortu eta han murgilduta.

Hamar urte pasatu badira ere, Funosasek gogoan du Aieteko Adierazpena entzun zueneko irudia: «Autoan naiz Euskadi Irratia entzuten, deklarazioaren zain». Riosek ez daki ordukoaz duen oroitzapena kontatzen «nondik hasi» ere: «Bat-batean zaude Kofi Annanekin edo Jonathan Powellekin; pasatzen da, zuk egin behar duzu hori, hitz egiten duzu; baina, galdetzen badidazu zertaz hitz egin genuen, ez naiz akordatzen». Hamabost egun pasatu zituen «ia bigarren etxebizitza» bihurtu zitzaion Aiete hotelean: «Nebulosa batean bizi nintzen. Ez zara konturatzen: orduak eta minutuak pasatzen dira... Oso neurtua geneukan dena». Gorbataren anekdota dauka gogoan, Iñaki Anasagastik jantz zezala eskatu baitzion: «Tentsio handiko egunak izan ziren, tentsioa modu onean, baina ardura handia zen, eta gorbatarena zen tontakeria bat tentsio hori pixka bat jaisteko». Gordeta dauka oraindik: «Gero, Brianek [Currin] erabili zuen, ETAren desegitearen biharamunean. Ahaztu egin zuen gorbata, eta nik Aieten [Donostia] erabilitakoa eman nion». 2011tik 2018ra, konponbidearen haria gorbata baten barnean.

«Amets bat errealitate bihurtua». Hori izan zen urriaren 17ko ekitaldia Riosentzat, urteak baitzeramatzan bakegintzan lanean. Adierazpeneko aldarrietatik harago, irudiaren garrantzia azpimarratu du: «Inoiz ez dugu lortu horrelako aniztasuna: ia-ia alderdi politiko guztiak, sindikatu guztiak, Nafarroa, erkidegoa, Iparraldea, momentu berean, mahai batean, elkarrekin, bake prozesua bultzatzeko prest. Hori zen garrantzitsuena». Izan ere, uste du Aieterekin edo Aiete gabe ETAk utzi izanen lukeela «indarkeria», berdin-berdin: «Baina irudi bat zen, hau esateko: 'Edo etorkizuna eraikitzen dugu guztion artean, edo askoz zailagoa izango da»'». Funosasentzat, garrantzitsua izan zen «zazpi lurraldeak batzen zituen momentu bat» izatea, gatazkaren konponketaren ikuspegitik, «lehen aldiz». Adierazpenean Frantziako Gobernua «Espainiaren pareko» izendatu izanak ere «abiapuntu berri bat» eman zuen, haren ustez.

Film frantses batean bezala

Baina dena ez zen atera bakoitzak bere buruan irudikatuko zukeen gisara. Esperantza handiak zituen Funosasek: «Denek pentsatzen genuen: 'Kito'. Sartzen gara benetan azken etapa batera non espero dugun bake akordio baten bitartez joango garela ondorioen konponketaren bila, eta bultzatuko dela Euskal Herrian guzien arteko elkarrizketa bat. Eta, elkarrizketa horretatik, joango garela muinera». Baina Aieteko Adierazpenaren lehen puntua baino ez zen erabat bete: ETAk jarduera armatua uzteari buruzkoa. Hala Funosasek nola Riosek, biek dute argi Madrilek eta Parisek bigarren eskaerari muzin egin ziotela gatazkaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzea—, eta hurrengo biak erdizka bete zirela —biktimak eta elkarrizketa politikoak—. «Ikuspegi horretatik, ez da eman».

Riosek badu damu bat: «Espero genuen Espainiako Gobernuak elkarrizketa prozesu bat irekiko zuela; hori ez zen gertatu, eta ez geneukan B planik». B plana, ordea, gizarteak garatu zuen, Funosasen ustez: «Geure burua hainbeste behartu dugu bake prozesu eskema batean lan egitera —estatuek ukatu dutelako eskema bera—, ekarri baikaitu guhaur mekanismo batzuk sortzera, eragile ezberdinak kontuan hartuz. Guk, Ipar Euskal Herrian, egin dugun guztia ez genuen egingo ez bagenu sinetsi horretan». Horren adibide, 2014ko Baionako Adierazpena, ETAren armagabetzea (2017) edo haren bukaera bera (2018). Aietek lagundu zuen logika horretan, Funosasen ustez: «Aukera leiho bat ireki zuen, benetakoa. Nahiz eta aski fite konplikatu zen gauza [PPk irabazi zituen bozak azaroan], izan zen bultzada bat: egun horrek berriz piztu zituen gogoak, eta txip aldaketa bat izan zen: berriz jendea animatu, eta eragin».

Hamar urte igarota, biek ala biek uste dute izan direla aitzinamenduak. Eta «baldintzak» hobeak direla ere bai. Rios: «Nire gogoeta zen Aieten eta ondoren lortutako egoera jasangarria edo iraunkorra izatea, gero baldintzak izateko dauzkagun erronkak bideratzeko». Eta garrantzitsuena: «atzera» ez egiteko «borondatea» dagoela; Lokarriko kide ohiaren ustez, ez baita «gutxi».

Aietekoa ez zen, ordea, «bakea eraikitzeko prozesu klasiko» bat izan, Riosen ustez: «Lagun batek esaten zidan beti irudikatzen dugula bakea Hollywoodeko film bat bezala, su festa batekin amaitzen dena. Baina, zoritxarrez, horrelako prozesuak beti bukatzen dira film frantsesak bezala: irekita geratzen da amaiera, eta geratzen zaizu zapore... ona, bai, baina ez erabat ona». Uste du hori gertatu dela Euskal Herrian; baina, aldi berean, hori dela «normalena», halako prozesuak «beti» baitira «konplikatuak». Euskal Herriaren berezitasunak berezitasun, eta bere alde txar eta onekin: «Eskema klasikoan, izaten dira gizon armatuak mahai batean —eta gizonak diot normalean gizonak izaten direlako—, nazioarteko bitartekari famatu batzuen laguntzarekin. Baina gero gertatzen da bakea ez dela bakarrik gizon haientzat: denontzat da; eta gero beti azaltzen dira oztopoak, eta ez dago modurik konpontzeko». Kolonbia jarri du horren adibide: akordio zehatz bat bai, baina hamaika zailtasun dituelako. «Gure prozesua apurtxo bat kaotikoagoa izan da alde horretatik, bakea eraikitzeko prozesu bat izan delako, ez bake prozesu bat. Baina uste dut lortu dugula sortzea bakearen aldeko ekosistema bat». Horren barne kokatu ditu gizarteko eta politikako eragileak. Eta bat egin du Funosasek: «Bide horretan, harreman politikoak aldatu dira. Beti dira bortitzak, baina zubi batzuk eraiki dira: Ipar Euskal Herrian nabarmen, baina Hego Euskal Herrian ere uste dut pixkanaka hasi garela beste ikuspegi batetik jorratzen. Borrokatu gara etengabean immobilismoaren kontra, eta balioa eman behar zaie bakoitzak gure tokitik egin ditugun indarrei». Alde horretatik, Bake Bidekoak uste du «harribitxi» bat izan dela EuskalHerriko prozesua: «Aldebakartasunean joan gara herrian aldeaniztasun hori garatzera, elkarrizketetan, aitzinamendua behartzeko. Ez gara ohartzen». Horrek modua eman du, Riosen ustez, gobernuek «oztopo oso handiak» ez jartzeko, «gutxienez»: bertzeak bertze, armagabetzearen «azken etapan». Funtsean, «estatuak behartzea», Funosasentzat.

Kontakizunean kateatuta

Prozesua herritik garatu izanak ekarri ditu zailtasunak, ordea. Eta gibelamenduak: «Presoen gerturatze prozesua gertatzea hamar urteren ondoren ia-ia, edo biktima batzuk aitortzea, denbora asko da», Riosen hitzetan. Biek uste dute biktimen alorra ere biktima batzuen euren ekimenari esker garatu dela gehienbat, nahiz eta Hego Euskal Herrian legeak martxan diren.

Oroimenaren adarra, berriz, trabatuta ikusten du Riosek. Eta arrazoi bat du gibelean: «kontakizunaren guda» deritzona. Funosasek uste du prozesu politikoa baldintzatzeko «interesa» dagoela traba horien guzien atzean: «Horretan mantentzen gaituzteno, ez gara pasatzen beste gauza batera». Riosek ikuspegi ezberdintasuna jarri du kausatzat: «Benetan nik uste dut atzean dagoena dela Espainiako gizarteak ez duela ulertzen zer gertatu den. Beste kontakizun bat dute, ETAren porrotarena, eta, hor mugitzen bazara, zertarako edo zergatik egin gauza bat edo bestea arazoak bideratzeko edo gutxienez errazteko?».

Aieteko laugarren aldarria «ordezkari politikoak gai politikoak» eztabaidatzeko bildu eta «herritarrak kontsultatzeari» buruzkoa zen. Funosasek uste du horixe dela «erronkarik handiena orain», ez baita «nahi bezala aitzinatu», gatazkaren ondorioek baldintzatuta: «Gakotua zarenean mahai tekniko batean konpondu behar zen gai bati, horrek egiten du ezin izan diogula behar bezala eutsi horri». Beharrezko ikusten du, ordea, eustea: «Zeren eta, ez dituguno konpontzen muinari lotutako arazoak, gero gaineratekoa bilakatzen baita arazo, eta ez zara ateratzen». Riosen ustez, «anbiguoa» zen laugarren puntu hori, eta, gainera, «gomendio» gisa formulatua. Bete daitekeela ere ondoriozta daiteke, beraz: «Jartzen bazara oso fin, elkarrizketa prozesuak egon dira: Iparraldean, Baionako Adierazpena, elkargoa sortzeko prozesu guztia, desegite eta desarmatze prozesua; erkidegoan, batzorde bat egon zen, baina baita elkarrizketa ezberdinak gatazka legeak sortzeko ere, Gogora; Nafarroan berdin... Ez da egon mahai ofizial bat Stormonten [Irlanda] bezala, hiru astez jauregi batean, baina elkarrizketa prozesuak egon dira». Bertze arloetan gertatu bezala, uste du honetan ere gizarteak hartu beharko duela lekukoa: «Komenigarria da elkarrizketa egituratu bat izatea? Nik uste dut baietz. Baina hori ja alderdi politikoen eta gizarte zibilaren eskuetan dago. Bultzatzea, dinamizatzea eta lortzea. Ez badago baldintzarik, hori da joko demokratikoa. Berriro saiatzea da kontua, eta nik uste dut orain baldintzak nahiko onak direla. Gero dago bakoitzaren borondatea».

Aieteko 10. urteurrena pasatzeko gogoa du Riosek, uste baitu komenigarria dela garai «aspergarriago» batera itzultzea auzi batzuk «beste modu batera» ebazteko: «lasaiago». Funosasek «Aieteko espiritua berreskuratu» nahiko luke, eta «eskuzabaltasunerako» deia egin du Riosek: «Aiete antolatzeko aldeko jarrera bat zegoen toki guztietan. Eta toki guztietan diot, toki guztietan zelako, PPn barne. Ez dut esango norekin hitz egin nuen justu Aieteko egunean, baina bai: itxaropena hor zegoen. Eskuzabaltasun hori eta prestutasun hori. Berreskuratu behar ditugu». Ados dago Funosas: «Ezin gara gelditu beste hamar urtez gauzak konpondu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.