2004ko abenduaren 17an hautatu zuten Andres Urrutia euskaltzainburu (Bilbo, 1954), 1988tik kargu horretan zebilen Jean Haritxelarren ordezko. Hogei urte joan dira ordutik, eta «arrapaladan» igaro direla onartu du Urrutiak berak. «Zeregintsuak izan dira, eta, nire ustez, ahaleginak egin ditugu Euskaltzaindi hura gainditzen, aurrera eramaten, beste Euskaltzaindi baten esperantzan edo peskizan». Kargua hartu berritan, argi utzi zuen zer-nolako Euskaltzaindia nahi zuen, eta orduan irudikatutako ezaugarriak dituen akademia lortzea du egun ere lanerako motibo nagusia: «Gizartearekin bat egina, euskaldunekin batera dabilena». Horiek horrela, «zerbitzua emateko bokazioan» ahalegina eginda urteotan egin dituzten lanketak iruditzen zaizkio guztien artean nabarmengarrienak. Eta halakoak bultzatzen jarraituko du Euskaltzaindiaren lemazain gisara, azaroaren amaieran hautatu baitzuten datozen lau urteetan akademiaren jarduna gidatuko duen lantaldea, eta han erabaki baitzuten Andres Urrutiak jarraitzea buru.
Gizartearekin bat egite horretan, zer bide egin duzue?
Zerbitzua emateko bokazioa modu askotara egin daiteke. Guk aukeratu genuen, batetik, hurbiltasun bat. Azken batean, helburua da ikustea Euskaltzaindiak zerbait eskaintzen duela: zerbitzu bat ematen duela, eta zerbitzu hori guztiontzat erabilgarria eta onuragarria dela. Hori izan da gure lerroburua.
Andreen presentziari dagokionez, gaztetzeari begira... asko aldatu da erakundea?
Nik uste dut baietz. Frogak hortxe daude. Ni ez naiz hasiko orain politikariek egiten duten bezalaxe guk hau eta bestea egin dugula esaten; begien bistakoak dira errealitateak, eta, gainera, errealitate horiek areagotu egingo dira, besteak beste, gizartea bera dagoelako hortxe: Euskaltzaindia zer da gizartearen isla baino. Nik, gainera, uste dut horretaz aparte Euskaltzaindian beti izan dugula, eta beti hala esaten dugu, gure prediku guztietan, zera: batetik, Iker sailaren ikuspegitik, gure lan historikoa dago: gramatika, hiztegigintza, onomastika, toponimia, literatura... Baina Jagon Sailean ere egin ditugu sustapen lanak, eta ari gara, eta beste eragile ere asko hortxe daude, nolabait gizartearen barruan euskara balio eta balore moduan kaleratzen, eta horrek laguntzen du gizartea bera trinkotzen. Izan ere, gizartea ezin daiteke bizi euskarari muzin eginez, euskara bazter batean utzita: euskara beste balore batzuekin batera, beste errealitate batzuekin batera, gure gizarte honen balio zentrala da, eta horri kasu egin behar zaio. Areago ere esango nizuke: ez bakarrik euskara, ezpada eleaniztasuna. Eleaniztasun horretan kokatzen dut nik euskara.
«Gaur egunean ezin dugu pentsatu behinolako euskara hura erabil dezakegunik edozer gauza esateko, eta gaurko gizarteak eskatzen dituen horiei erantzun egoki bat emateko»
Euskarak hogei urteotan izan duen eboluzioaz zer iritzi duzu? Hiztunak ugaritu dira, baina agerikoa da haien gaitasunaren gaineko kezka ere, ahula delako sarri. Zer-nola ikusten duzue zuek akademiatik eboluzio hori?
Fenomeno hori ez da bakarrik euskararena. Nolabaiteko berpiztea, indarraldia edo susperraldia izan duten hizkuntza guztietan gauza bera gertatzen da; hau da, zenbat eta jende gehiagok hitz egin, zenbat eta jende gehiagok erabili, horrek esan nahi du hizkera bera moldatu egiten dela, nolabait eraldatu egiten dela, eta, batzuetan, batez ere adin jakin batetik datozenek pentsatzen dute euskara beheratzea dela hori. Ez, hori da euskara moldatzea eta euskara eraldatzea. Gaur egunean ezin dugu pentsatu behinolako euskara hura erabil dezakegunik edozer gauza esateko, edo gaurko gizarteak eskatzen dituen horiei, premia berri horiei, erantzun egoki bat emateko. Ona da? Ez da hain ona? Argi-ilunak ditu? Jakina. Hala eta guztiz ere, nik esango nuke aurrera goazela. Hau da: aurrera ala atzera? Baten batek galdetzen baldin badit, nik esango nuke: «Aurrera, dudarik gabe». Atzerakarga batzuk ditugula? Ados.
Aurrera ala atzera. Lelo horixe goiburu hartuta, jardunaldia egin zenuten joan den hilean, Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren ikerketa lana hizpide hartuta. Atzerakargak aipatu dituzu. Non ikusten dituzu?
Nik esango nuke, alde batetik, atzerakarga bat dela oraindik gure gizartean ez dela onartu oso-osorik euskara bera balio zentral bat dela: ardatz nagusi bat. Ez dut esan nagusiena: esan dut nagusi bat. Atzerakarga horrek ekartzen du oraindik ere irudi batzuk, klixe batzuk, aurreiritzi batzuk sostengatzea eta erabiltzea: Euskara ez da erabilgarria, Ez du balio ezertarako ere, Ez da kultura hizkuntza... Nire ustez, horiek gainditu egin behar ditugu, eta normaltasun osoz jokatu eleaniztuna den gizarte baten barruan; hain justu ere, joko horretan euskarak badu bere esparrua, euskarak badu bere zeregina, eta euskararen esparru, funtzio eta dena delako horiek areagotzen eta gehitzen joan behar da.
«Atzerakarga bat da oraindik gure gizartean ez dela onartu oso-osorik euskara bera balio zentral bat dela: ardatz nagusi bat»
Esan duzu aurrera doala euskara, baina kezka bada. Euskararen Gogoetagunearen bidez, orientabideak plazaratu dituzue euskararen biziberritzean «erreakzioa» bilatzeko. Euskalgintzaren Kontseiluak larrialdi linguistikoaz hitz egin du.
Nire ustez, larrialdia bainoago, minsorra da, eta minsor hori luze doa. Batzuetan jakin izan dugu konpontzen, nolabait ere apaltzen, beste batzuetan ez. Hortik aurrera? Larrialdiak ondo daude. Baina nik, egia esan behar baldin badut, ekimenetan sinesten dut, ez horrenbeste proklamazioetan.
Egungo hiztunen soslaia hizpide, eskolan euskara ikasteko ahalegina egin duten gazte horiei begira, ez da haientzat iruzur antzeko bat gero lan munduan euskararen presentzia urria dela ikustea?
Zer esango dizut 32 urtean eskolak unibertsitatean eman eta gero, euskaraz, gainera. Azken batean, ikasle izan direnetatik, nire kasuan Zuzenbidean, zenbatek lortzen dute euskaraz lan egitea? Ezta Eusko Jaurlaritzara joaten direnek ere. Iruzurra? Neurri batean, bai. Beharbada gogorregia da hitz hori, baina nik esango nuke desesperantza edo halako bat sortzen dela ikusten duzunean zuk modu batean egin duzula zure ikasketa prozesua, eta gero beste modu batean jokatu behar duzula hizkuntzari dagokionez, Euskal Herrian egonda.
Euskararen kontrako mezuak gogortu egin dira urteotan?
Ez dut uste egun euskararen kontrako mezu gogor-gogorrak daudenik. Hala eta guztiz ere, badaude beste mezu batzuk esate baterako azpi-zeretan dabiltzanak: «Euskara bai, baina hortxe, zokondotxo batean...». Baina egun euskara unibertsitatean dabil, aisialdian, hezkuntzan... Oraindik gauza asko falta zaizkigu, e!, eta hor bada aldarrikapen historiko bat Euskaltzaindiaren ikuspegitik: ofizialtasun erabatekoa.
Euskararen lurralde osorako.
Jakina. Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzea ondo dago, baina nik uste dut horrekin batera beste gauza bat ere aldarrikatu behar dela: euskararen instituzionalizazioa. Euskal Herrian, euskararen lurraldeetan, instituzionalizazio maila oso ahula da. Aurrera joan behar dugu horretan. Horrekin esan nahi dut instituzio batzuek erakutsi behar dutela euskara sustraitzen dutela, eta instituzio horiek errespetatuak eta aintzat hartuak direla maila ofizialean zein sozialean.
«Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzea ondo dago, baina nik uste dut horrekin batera beste gauza bat ere aldarrikatu behar dela: euskararen instituzionalizazioa»
Ahozkotasunean ere lanketa egin duzue urteotan. Zein dira hor zuen lehentasunak?
Batetik, gaur egun euskara estandar horren ahoskera nondik nora joan behar den: uste dut hori onbideratu egin behar dela.
Haur eta nerabeen ahozkotasunaren gaineko hainbat egitasmo ere badituzue. Zein da asmoa?
Batzuetan, beharbada, belaunaldi zaharragoetakoek pentsatzen dugu: «Horiek ez dakite euskaraz». Kalkoak? Bestelako ohiturak? Horrelakoak beti egon dira; inguruko erdarek indar handia daukate. Gainera, amu asko botatzen dituzte: komunikabideen bitartez, sare sozialen bitartez. Eta guk egin behar dugu lehengoari muzin egin gabe berriari ere lekua egin; oreka horretan ari gara.
Oldarraldi judizialari buruzko kezka agerian utzi du euskalgintzak azken hilabeteotan. Oldarraldia bera auzitan jartzen duten ahotsak badira. Zuzenbidean doktorea zara, eta lanbidez notarioa. Zer iritzi duzu zuk?
Juridikotasunaren ikuspegitik alfer-alferrik gabiltza uste baldin badugu, esate baterako, ofizialtasunak gauza guztiak konponduko dituela, eta alfer-alferrik gabiltza pentsatzen badugu ofizialtasun horretan zulorik ez dagoela. Nafarroako kasua begien bistakoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere ofizialtasunak ez ditu konpondu euskararen aje guztiak administrazio publikoan. Baina nire galdera hona hau da: jujeek ezagutzen dute euskararen mundua? Jujeek ezagutzen dute euskarak duen egoera? Juje horiei informazioa eman zaie hori horrela izateko? Eta hemen jarriko nituzke galdera marka eta hiru puntu... Berrogei urte igaro eta gero. Orain dela 45 urte hasi ginen euskara behera, euskara gora, euskararen ofizialtasuna, euskara zeregin juridikoetan sartzen eta abarrekoetan... Eta 45 urte pasatu eta gero, seguruenera corpusaren ikuspegitik, formularioen ikuspegitik... halakoetan asko aurreratu dugu. Bestelakoetan, ordea, zer formazio ematen zaie jujeei? Horri buruzko sentsibilizazioa badago? Hori da nire galdera.
«Jujeek ezagutzen dute euskararen mundua? Jujeek ezagutzen dute euskarak duen egoera? Juje horiei informazioa eman zaie hori horrela izateko?»
Iragan udazkenean, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak Eurogutunaren 6. Ebaluazioari buruzko txostena argitaratu du, eta agerian geratu da euskarak justiziaren arloan duela hutsune handienetakoa: euskararen presentzia oso urria da. Nola eragin behar da horretan?
Bai, baina ez bakarrik gurean... Begira Katalunian ere. Espainian, XIX. mende erdira arte, zuzenbide fakultateetan latina zen nagusi; hori jendeak ahaztu egiten du, baina Espainiako Estatuak bere kodeak-eta egin zituen XIX. mendean, modu nahiko berantiar batean, eta Frantziaren eraginez. Baina hortik aurrera, uste badugu bide horretatik lortuko dugula berehalako aldaketa bat, bada, nire ustez, ez. Sentsibilizazio kanpainak behar dira. Orain hasi dira hitz egiten zirkuitu batzuk egongo direla euskaraz-eta. Bejondeiela, datozela. Baina hor, funtsean, eta barne-barnean dagoen egoera oso bestelakoa da. Esan dut: zirkuituak egin ditzakegu, datozela, lagungarriak izango dira. Baina independentzia lortu zuten herrialdeetan ere, estatu osoetan, gehienetan, oraindik ez da posible justizia egitea bertako hizkuntzetan, eta ingelesa, frantsesa edo portugesa erabiltzen dute justizia hizkuntza moduan.
Adibidez?
Hortxe daukazu Hong Kong. Hong Kongen oraindik ingelesez ari dira; txinera eta ingelesa oraintxe ari dira pixka bat parekatzen. Beraz, guk jakin behar dugu zein den gure helburua, jakin behar dugu zein diren gure baliabideak, horiek mugatuak dira oraingoz behintzat, eta jakin behar dugu zirrikitu guztiak bilatzen horretara iristeko. Eta kostatuko zaigu. Gu baino askoz ere indartsuago bizi diren hizkuntzak, erromanikoak direnak, Katalunia kasu, hor daude, eta zifrak eta kopuruak ez dira onak, edo uste genuen bezain onak.