Azken asteetako eztabaidak atzean utzi nahi ditu EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garridok (Badajoz, Espainia, 1966), oraindik egun jakinik ez duten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurrekanpainari lehenbailehen heltzeko. Elkarrekin Podemosen aldeko apustua berretsi du, Sumar osatuko duten indarrak bidelagun izan gabe, baina bestelako aliantzak osatzeko asmoz.
Sumarrek, Ezker Anitza-IUk eta Equo Berdeek sinatutako aurreakordioaren ondorioz, amaitutzat ematen dituzue negoziazioak?
Esan dezaket Ahal Dugu-k ardura osoz jokatu duela, eta orain politika egiten hasiko garela. Herritarrei aurkeztuko diegun proiektua azaltzen; gure neurriez eta, batez ere, herritarren arazoez hitz egiten.
Nola eta noiz iritsi zitzaizuen aurreakordio horren inguruko informazioa?
Prentsaren bidez jakin nuen. Halere, berriro diot, uste dut ez dela gai horri buelta gehiago emateko abagunea.
David Sotok (Ahal Dugu) esan zuen mahai gainean jarri zenutela hautagaitza dual bat aurkeztea eta legebiltzarreko bozeramailetza zuek ez hartzea.
Esan ditut esan beharrekoak. Arduragatik, orain abagunea da berriz ere arreta eta indarrak zentratzekoa euskal herritarren beharrei erantzuten. Etxebizitzarako eskubidea, hezkuntza publikoa, klima aldaketa...
Urtarrilean aurkeztu zenuten Euskadi Berria Eraikitzen, espazio politikoak izan beharreko oinarrien inguruan. Apustu bat egiten da Elkarrekin-en alde. Zer da, zehazki, Elkarrekin?
Euskadin hamar urtez publikoaren defentsan lanean aritu den espazio politiko kontsolidatu bat da Elkarrekin. Bi hauteskunde irabazi zituena, eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko neurri garrantzitsuak aurrera ateratzea eragin duena: DSBEren inguruko legea hobetzen lagundu dugu, eskola publikoa defendatu dugu —gai honetan bakarrik geratu gara—, eta badugu alternatiba bat ingurumenaren babeserako. Uste dut Euskadik behar duen proiektua dela.
Espazio horrek Elkarrekin izena izan behar du, edo beste izen bat izan dezake?
Duela hamar urtetik izena du Elkarrekin.
«Arduragatik, tokatzen da berriz ere arreta eta indarrak zentratzea euskal herritarren beharrei erantzuten».
Eta hor, Ahal Dugu-k norekin lotuko ditu aliantzak hauteskundeetarako?
Beti adierazi dut gurea espazio ireki bat dela. Euskadi Berria Irekitzen prozesua tresna bat izan da gizarte zibilera eta beste erakunde batzuetara iristeko. Datozen asteetan gizarte zibilarekin, eragileekin eta beste alderdi batzuekin —esaterako, Aliantza Berdea— hitz egingo dugu gure apustua eta proiektua indartzeko.
Eta hauteskunde kanpaina zertan zentratuko da?
Publikoaren defentsatik haratago, uste dugu indar egin behar dela elementu jakin batzuetan; esaterako, osasungintzan. Osakidetza oso ahulduta dago, eta herritarrak ari dira eskatzen hori hobetzeko. Era berean, uste dugu amaitu egin behar direla EAJren ereduak ordezkatzen dituen pribilegio batzuk; besteak beste, energia oligopolioarenak eta nekazaritza enpresa handienak. Alde horretatik, uste dugu badela beste eredu bat herritarren onurarako: elikadura subiranotasunaren alde egingo duena, trantsizio ekologiko justu baterako udalen borondatea errespetatuko duena...
Hain justu, Eusko Jaurlaritzako alderdiek eta EH Bilduk adostu dute trantsizio energetikorako legea. Zuek ez duzue bat egin.
Ez dugu bat egiten legeak ordezkatzen duen ereduarekin. Uste dugu ez diela erantzuten ez ingurumen beharrei ez herritarrenei; oligopolio energetikoaren interesei baizik. EAJren eredua da. Guk herritarren borondatea eta udalen autonomia errespetatuko dituen lege bat nahi dugu.
Etxebizitzarena da mahai gainean dagoen eztabaidagai nagusietako bat. Arriskurik ikusten duzue Eusko Jaurlaritzak Espainiako etxebizitza legea errekurritzeko?
Baliteke. Argi dago EAJk ez duela lege hau nahi, higiezinen sektorearen kontra doalako. Eta PSOEri ere kosta zitzaion legean ageri diren elementu batzuk onartzea; nik neuk ikusi nuen. Beraz, ez dut Eusko Jaurlaritzatik gehiegi espero. Izan ere, euskal herritarren ardura nagusietako bat da etxebizitzarako sarbidea, eta Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza ezer egin gabe gazteen sarbidea errazteko. Atzo [asteazkenean], Errenteria [Gipuzkoa] lehen udalerria bihurtu zen tentsio handiko eremuak ezartzeari bide ematen. Eta ez da kasualitatea Errenterian Elkarrekin Podemos gobernuan egotea.
«Uste dut Euskadik merezi duela ezkerreko gobernu bat, eta apustu egiten dugu horretarako formula bilatzeko».
Aukera ikusten duzue Eusko Jaurlaritzan aldaketa bat egiteko?
Ezkerreko gobernu baten alde egiten duen indar politiko bakarra da gurea. Uste dut Euskadik merezi duela ezkerreko gobernu bat, eta apustu egiten dugu horretarako formula bilatzeko, anbiguotasunik gabe. Baina, badirudi bakarrik geratu garela, eta tristea iruditzen zait beste indar batzuk EAJrekin aliantzak egiteaz aritzea. Halere, guk eskua luzatuko dugu. Beste leku batzuetan egin da: Iruñean, Nafarroan... Zergatik ez Euskadin?
Iruñean eta Nafarroan EAJ bloke horren parte da Geroa Bairen bidez, eta Madrilen ere gobernua babesten du.
EAJ leku guztietan bera da. Madrilen, gurpilean makilak sartu dituena Petronorri eta Iberdrolari pribilegiorik ez kentzeko; Euskadin ere berdin. Eta uste dut eredu hori iraungita dagoela. Ez da gai oinarrizko eskubideak bermatzeko; osasungintzan ikusi dugu.
Azkenaldian, bolo-bolo dabil estatuaren plurinazionaltasunaren aitortza. Hurrengo legealdiak bidea ireki behar dio Gernikako Estatutua berritzeari?
Hala espero dut. Elkarrekin Podemosek planteatu du hitz egiten hastea, batera pentsatzeko zein izan behar den lurralde antolaketarako eredua, eta zein den euskal herritarrentzat nahi dugun estatus politikoa. Elkarrekin Podemos hor egongo da, Madrilera eraman beharreko akordio hori kontsentsu zabal batekin eraman ahal izateko.
Eta zer norabidetan egin beharko litzateke erreforma?
Autogobernuaz hitz egitean, nahi dugu gure instituzioek gaitasun eta eskumen gehiago izatea herritarren bizitzak hobetzeko. Beraz, autogobernuaz ari garenean, ari gara Eusko Jaurlaritza gobernu gardenago bat izateaz, politika publikoetan herritarrek hitza izateaz eta, noski, gai izateaz oinarrizko eskubideak bermatzeko. Oraingoz, ez gara.