Duela hiru urte eta erdi pasa NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bertatik bertara ikusi zuen ETA hasi zela bere armamentua indargabetzen, eta orain Luhusoko (Lapurdi) polizia operazioarenondotik jakin da ETAk ekin diola armak suntsitzeko prozesuari.Gizarte zibilarekin ari da horretan.
Herenegun gaueko operazioaren ostean Mediabask atariak argitaratutako eskutitzak dira ETAren urrats horren froga; Michel Tubiana, Mixel Berhokoirigoin eta Jean Noel Etxeberri Txetx-en eta ETAren arteko lau gutunetan ikusten da gizarte zibilak hartu duela «armak deuseztatzeko ardura». Hiru herritar horiek joan den urriaren 3an idatzi zioten ETAri lehen eskutitza, eta jakinarazi «bake prozesua blokeo egoeratik» ateratzeko «armagabetzean engaiatzeko prest» zirela, betiere «bake prozesuak bere osotasunean aitzina egin dezan». ETAren zuzendaritza batzordeak bere bigarren gutunean —azaroaren 15ekoan— erantzun zien erabaki zuela «gizarte zibilaren esku uztea armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa». Halaber, ETAk idatzian zioen NEBi «armagabetzean inplikatzeko eta lekukotasuna emateko» eskatzea erabaki zuela.
Ostiraleko operazioaren ostean, Tubianak, Berhokoirigoinek eta Etxeberrik aurrez prestatutako idatzi publiko batean zioten ETAren «desarmatzearen abiatzea» erabaki zutela. Justuki, «lehen arma erreserba baten suntsitzea; ETAk zigilupean jarri armamentuaren %15 da guti gorabehera». Espainiako Barne Ministerioak esan du «ETAren armategien aurkako kolpea» izan dela Luhusokoa.
ETAk zigilatutako armak eta inbentarioa helarazi zizkien hiru herritarrei. BERRIAk jaso duen informazioaren arabera, inbentarioko hamar kaxetatik bederatzitan zeuden armak suntsitzekoak ziren Luhusoko etxean. Armamentuaren %15 osatuko lukeen beste kaxa bat ETAk Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideei entregatu zien orain dela bi urteko otsailean.
2014an, komunikabideen aurrean ETAren armagabetze hasieraren bideo bat erakutsi ondoren, Ram Manikkalingam eta Ronnie Kasrils NEBeko kideek Espainiako Auzitegi Nazionalera joan behar izan zuten deklaratzera. Geroztik ere bi estatuek nazioarteko eragileei gauzak oso zail jarri dizkiete. Orain, berriz, Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean, gizarte zibileko bost lagun atxilotu ditu Luhuso eta Heleta artean, Kurutzeta auzoko baserri batean: arestian aipatutako Berhorokoirigoin Laborantza Ganberako presidente ohia, Etxeberri Bizi mugimenduko kidea, Michel Bergougnan enpresari eta Irulegiko ardo kooperatibako buru izandakoa, eta Beatrice Molle eta Stephane Etxegarai kazetariak. Polizia goizera arte aritu zen eraikina miatzen. Operazioaren berri izatean 50en bat lagun berehala joan ziren alde hartara, atzemandakoei elkartasuna adieraztera. Bost atxilotuak ezagunak dira Ipar Euskal Herriko bizitza sozial eta publikoan. Atzo gauean artean Baionako polizia etxean zeuzkaten.
Hasieran zabaldu zen Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea ere atzeman zutela Luhuson, baina Tubianak berak atzo goizean ezetz zioen, Europa1 irratian. Hala ere, aitortu du han egotekoa zela besteekin, eta armak suntsitzea zutela eginkizun. «Gobernuak abisatuko genituen armen entrega eginen genuela. Prokuradoreari aukera emanen genion hemendik aste batzuetara arma horiek deuseztatuta aurkitzeko», adierazi du Tubianak kazeta honetako gaurko elkarrizketan.
Prestatutako idatzia
Estatuen jarreraren ondorioz hartua zuten arriskuaren jakitun, Tubianak, Berhokoirigoinek eta Etxeberrik balizko operazioaren osterako ohar bat prestatua zuten, gerora argitaratzeko. Mediabask-ek atera du. Hiru lagunek diote gizarte zibileko kideak direla, ez ETAren «menpekoak». Berretsi dute «Euskal Herriarentzat bortizkeriarik gabeko etorkizun demokratiko bat» nahi dutela, eta «konbentzituak» agertu dira ETAren armagabetzea «gatazkaren betiko konponbidera iristeko ezinbesteko baldintza» dela. «Zentzugabeko egoera» deritzote armagabetze prozesuan bi estatuek ez parte hartzea. «ETAri eskatu diogu armamentu osoaren suntsiketa gizarte zibilaren ardura politikoaren esku uzteko, eta erabaki dugu suntsiketa horren hasteko». ETAren eta Frantziako Gobernuaren arteko «bitartekaritzat» jo zuten euren burua.
ETAk 2011ko urrian jakinarazi zuen jarduera armatuaren bukaera, baina gatazkaren ondorioak ixteko ez du Espainiarekin eta Frantziarekin alde biko harremanik izan. 2014ko otsailean ekin zion armagabetzeari, eta urteko bereko uztailean jakinarazi zuen «borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboa» desegin zituela. Urteotan ere Espainiak eta Frantziak operazio batzuk egin izan dituzte haren aurka: ustezko arduradun batzuk atxilotuz —Izaskun Lesaka 2012ko urrian, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea iazko uztailean eta David Pla eta Iratxe Sorzabal irailean, eta Mikel Irastorza lehengo azaroan—; joan den urteko maiatzean Miarritzen (Lapurdi) ETAren arma gordeleku bat atzeman zuen, eta aurtengo urrian Paris ondoan arma biltegi bat. Euskal erakunde armatuak publikoki beti eutsi dio armagabetzeko apustuari, eta prest azaldu izan da Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin ere lankidetzan aritzeko —Jaurlaritzak plan bat aurkeztu zuen oraintxe dela bi urte—.
Gizartearen konpromisoa
Azkeneko bi-hiru urteetan aldaketa nagusia gizartetik heldu da. Reta eta Goienetxea etxean hartzeagatik atxilotu egin zuten Graxi Etxebehere, eta libre geratu ostean adierazi zuen harro zegoela desarmatzean lagundu izanagatik. «Desarmatzea laguntzetik pasatu behar da prozesua». Pla-eta zeuden aterpetxearen jabea eta Irastorza hartu zuen sendia ere aske zituzten azkar. Joan den urrian, berriz, Foro Sozialak, Donostian, Aieteko konferentzian aldarrikatu zuen ETAren armagabetzearen bidez «azken faseari ekiteko garaia» dela, eta horretarako ezinbestekotzat jo zuen euskal gizarteak parte hartzea, baita euskal instituzioek eta nazioarteak ere. 2014ko Baionako adierazpena ere gertakari garrantzitsua izan da.
Tubianak, Berhokoirigoinek eta Etxeberrik herenegungo idatzian euskal gizarteari eta hautetsiei dei egin diete «erabat modu baketsuan desarmatze ordenatu eta kontrolatu baten sostengatzeko». Haien arabera, «bake zuzen eta iraunkorraren erantzukizuna bakoitzaren esku da». Atzo Baionan dozenaka gizarte eragilek lekukoa hartu zuten: «Gure egiten dugu ETAren armagabetze zibila aitzina eramateko ardura».
ETAren armagabetzea. Polizia operazioa Luhuson
Gizarte zibilak hartu du ETAren armak suntsitzen hasteko ardura
Poliziaren esku segitzen dute Berhokoirigoinek, Etxeberrik, Bergougnanek, Mollek eta Etxegaraik, ostiral gauean Luhuson atxilotu ondotik. Armak deuseztatzeko zeregin politikoa eta teknikoa zuten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu