Foro Sozialaren azken jardunaldiak

Gizarte zibila protagonista

Azken urteetako esperientziaz eta aurrera begirako zailtasunez gogoeta egin dute Iruñean Anaiz Funosasek, Agus Hernanek eta Paul Riosek. Gaur Brian Currinek parte hartuko du Donostian

Atzo Iruñean egindako jardunaldiak parte hartze politiko zabala izan zuen. Tartean izan ziren Unai Hualde parlamentuko ordezkaria eta Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza zuzendaria. JAGOBA MATEROLA /FOKU.
joxerra senar
Iruña
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorrak atea itxiko du aurki, baina horrek ez du esan nahi konpondutzat jotzen dituztenik oraindik bizirik dirauten zailtasun eta erronkak. Azken urteotan mugaren bi aldeetan, Ipar zein Hego Euskal Herrian, gizarte zibilak bultzatu duen prozesu zaila hizpide izan zuten Iruñean egin zen Foro Sozialean. Arratsaldeko azken saioan, hain zuzen, gai hori hizpide izan zuten Paul Rios Lokarriko koordinatzaile izandakoak, Anaiz Funosas Bake Bidea mugimenduko lehendakariak eta Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzaileak. Riosek uste du prozesuak aurrera egingo zukeela Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bidean mugimenduak urteotan egin duten lanik egin gabe ere: «Baldintzak bazeuden horretarako, baina sinetsita nago bidea konplexuagoa izango zela. Prozesu klasiko bat izango zen, non dena gertatzen den toki ilunetan eta gizarteak irentsi behar duen haren emaitza. Haiei esker, gizartea protagonista izan da». Horregatik, eskerrak eman zizkien bai Foro Sozialari bai eta Bake Bidea mugimenduari ere. «Merezi izan du».

Agurraren aurretik, atzera eta aurrera begiratu nahi izan du Foro Sozial Iraunkorrak. Atzoko Iruñeko lehen saioan, Nafarroan eman diren pausoak aztertu zituzten Expe Iriartek eta Fernando Armendarizek. Jarraian, euskal gizarteak izan duen parte hartzea nola ikusi duten kontatu zuten nazioarteko bi begiralek —Berghof fundazioko Veronique Dudouet eta Kataluniako Bakerako Nazioarteko Institutuko Kristian Herbolzheimerrek—. Azkenik azken mahai inguruan parte hartu zuten Riosek, Funosasek eta Hernanek.

Gaur goizean Donostian egingo den saioan, berriz, aztertuko dira Kolonbiako kasua eta Euskal Herrian atalez atal eman diren pausoak. Halaber, biktimak omenduz, Brian Currinek hitz egingo du. Azkenik, Agus Hernan bera eta Nekanek Alzelai prozesuaren ondorioez mintzatuko dira.

Iparraldeko esperientzia

Atzera begirako horretan, Anaiz Funosasek kontatu zuen Aieteko konferentzia «aukera leiho ikaragarri» gisa ikusi zela Ipar Euskal Herrian. Funosasen arabera, Ikusirik bi estatuek ez zutela parte hartu nahi prozesuan, Aieten egon ziren Iparraldeko eragileek deliberatu zuten «ardurak hartzea irudikatzeko zer izan beharko lukeen negoziazioren edukiak». Funosasen arabera, abiatutako bidea «ahalduntze» bat izan da Ipar Euskal Herrian, gatazkaren ondorioen konponbidea lurralde auziari lotu baitzitzaion. «Naturalki, batak bestea elikatu du. Batak bizi duen oztopoa izango da ere oztopo bestearentzat».

Ideia horren gain egin zen 2016tik 2018ra ETAren armagabetze zibilaren bidea. «Bagenekien zer egin, eta sartu ginen atzeraezina zen bide batean non pausoz pauso joan ginen inposatzen Iparraldearen nahia». Funosasek gogora ekarri zuenez, armagabetzea une hartako korapilo nagusia zen, eta Iparraldetik gizarte zibilak egindako ekarpen hura Euskal Herri osorako «helduleku interesgarria» izan da, «permititu dituelako baldintzak Hegoaldean pauso berriak emateko».

Foro Sozial Iraunkorra garai hartan sortu zen, 2016an. Agus Hernanek metafora gisa jarri du Aieteko Konferentziak baldintzak jarri zituela prozesuko igerilekua «urez betetzeko», baina 2016 hartan «ura oso hotz» zegoela. Horren adierazle, Iñigo Urkullurekin izandako lehen bilera batean Jaurlaritzako lehendakariak azpimarratu zion aurreko bost urteetan ezker abertzalearekin eta ETArekin pilatutako mesfidantza. «'Zer zaila dagoen hau!', pentsatu nuen, baina jarraian esan nion: 'Jarriko gara lanean?'».

Kontsentsuen bila, lehen erronka armagabetzea izan zen, baina gerora eremuak ireki ziren beste ataletan. Adibidetzat ipini du presoen auzia. Diskrezioz eginiko lan horretan PSEko ordezkariak ere sartu ziren. Hala, Pedro Sanchezek, Espainiako Gobernura iritsi berritan, TVEko elkarrizketa batean presoen gerturatzea aipatu zuenean, Agus Hernan harrituta geratu zen: «Pentsatu nuen gure lanak balio izan zuela, ez zela halabeharrez izan. Gerora sozialista batek baieztatu zidan alderdi barruan bide hori bultzatzen ari zirela».

Hernanen arabera, elkarrizketaren kultura izan da Foro Sozialaren ekarpen nagusietako bat. «Alderdiekin biltzen zarenean, jabetzen zara euren artean %5ean daudela ados. Horrek eraman zaitzake blokeatuta geratzera edo pentsatzera gutxienez %5ean ados badaude %10era iristeak izan behar duela hurrengo helburua». Norabide hori harturik, arlo guztietan lantaldeak osatu dituzte kontsentsuen bila, bakoitza bere erritmoekin.

Diskrezioa, «funtsezkoa»

Hernanek uste du lan hori diskrezioarekin uztartu behar dela. «Funtsezkoa da, diskreziorik gabe leialtasunaren printzipioa hautsi daitekeelako». Aurrera begirako erronkei begira, onartu zuen oraindik ere diskrezioz lanean jarraitzen duten taldeak badirela. Zailtasunak, baina, ez dira txikiak. «Azaltzen hasten naizen bakoitzean esaten didate: 'Zergatik desegiten zarete orduan?'».

Hiru taldetan sailkatu ditu zailtasunak: biktimak, preso eta iheslariak eta memoria. Biktimen arloan, Hernanek uste du presoen ongietorrien auziak balio izan zuela ETAren biktimei mina eragiten ziela ikusteko eta zuk are gehiago logikatik ateratzeko. Bere irudiko, orain erronka da estatuen biktimei aitortza instituzionala ematea.

Memoriaren arloan, ETAren eta estatuaren biktimentzako erreparaziorako eta egiarako mekanismoak bilatu beharko direla uste du. «Azken emaitzak ez ditu denak guztiz aseko, baina ahalik eta esparru hoberena bilatu behar da. Ezin diogu erantzukizun hori utzi hurrengo belaunaldiari, baina ez da zeregin samurra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.