Araba

Gizarte Politiketako foru diputatua izango da Gorka Urtaran

Ramiro Gonzalezekin batera, EAJko sei kidek eta PSE-EEko hiruk osatuko dute Arabako Foru Aldundiko gobernua.

Gorka Urtaran, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko ekainaren 30a
11:10
Entzun

Ramiro Gonzalezek atzo eskuratu zuen Arabako Foru Aldundiko aginte makila, eta ez du itxaron gobernu berria osatuko duten kideak aurkezteko. EAJk sei sail kudeatuko ditu, eta PSE-EEk, hiru. Bost lagun lehen aldiz arituko dira foru diputatu lanetan, eta horien artean nabarmentzekoa da Gorka Urtaranen presentzia. Jakinarazi dutenez, Gasteizko alkate ohia Arabako Gizarte Politiketako diputatua izango da.

Gonzalezekin batera, bost emakumek eta hiru gizonek osatuko dute Arabako Foru Aldundia. Ahaldun nagusiaren alboan, bi diputatu nagusiorde arituko dira: Arabako PSE-EEko idazkari nagusi Cristina Gonzalez eta EAJko Itziar Gonzalo de Zuazo. Biak ere aldundiko kide izan dira azken legealdian, eta orain arteko sail berak kudeatzen jarraituko dute. Gonzalez Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazio diputatua izango da berriz ere, eta Gonzalo de Zuazo, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu arduraduna. Foru diputatu gisa jarraituko duen laugarren gobernukidea Ana del Val sozialista da: Kultura eta Kiroletako diputatu karguan jarraituko du.

Gainerako gobernukideak berriak izango dira. Gorka Urtaran, azken bi legealdietan Gasteizko alkate izandakoa, Gizarte Politiketako foru diputatua izango da. Jone Berriozabal, berriz, Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatua. Hura Eusko Legebiltzarreko parlamentari izan zen 2009tik 2020ra bitarte, eta ordutik aurrera Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordea izan da. Biak ere jeltzaleak dira.

EAJren esku egongo dira beste hiru sail ere. Arraia-Maeztuko (Araba) alkate ohi Anartz Gorrotxategi Lurralde Orekako eta Lurralde Antolaketako foru diputatua izango da, eta Amaia Barredo, Iraunkortasuneko, Nekazaritzako eta Natura Inguruneko diputatua. Azken horrek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailean egin ditu azken urteak, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde karguan. Ekonomiaren Garapena eta Berrikuntza, berriz, Saray Zaratek kudeatuko du. Hura Gasteizko udal gobernuko kide izendatu zuen Maider Etxebarriak alkatetzara iristean, baina astebete iraun du Kultura, Hezkuntza eta Administrazioaren Modernizaziorako zinegotzi karguan. Haren lekua Sonia Diaz de Corcuerak beteko du, orain arte Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari izan denak; zazpigarrena zen EAJk Gasteizko udal bozetara aurkeztutako zerrendan.

PSE-EEk aldundian izango duen hirugarren ordezkaria Jon Nogales izango da. Azken legealdian sozialistek Arabako Batzar Nagusietan izan duten bozeramailea Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatua izango da aurrerantzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.