Gizarte eskubideekin lotura dute EAEko Arartekoak iaz tramitatutako kexen erdiek

EAEko Ararteko Manuel Lezertuak 2021eko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Osasunarekin eta, bereziki, COVID-19aren kudeaketarekin lotutako kexak igo egin ziren iaz.

Manuel Lezertua eta Elena Aiarza, gaur, Arartekoaren txostenaren aurkezpenean. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2022ko martxoaren 29a
11:53
Entzun

Manuel Lezertua EAEko Arartekoak Eusko Legebiltzarraren esku utzi du iaz jaso zituen kexu eta eskakizunei buruzko txostena. Iaz %27 hazi ziren herritarren salaketak, eta horietatik erdia gizarte eskubideekin lotutakoak izan ziren; zehazki, %47k gizarte eskubideekin lotura izan zuten. Lezertuak azaldu duenez,COVID-19aren izurritea dela-eta hartutako neurrien ondorioz areagotu egin dira osasunarekin lotutako kexak. Hain justu ere, joan den urtean osasun arloko 348 kexa jaso zituen arartekoak, 2020an jasotakoak halako bi, eta tramitatutako kexa guztien %15. Besteak beste, txertaketarekin, Osakidetzaren aurrez aurreko zerbitzuarekin edota COVID ziurtagiriarekin lotura izan zuten kexa horiek.

«2021ean pandemiak oso bizirik jarraitu du gure bizitzetan eta administrazioen jardueran, batez ere osasun sisteman eta pertsonen eskubideetan, eta horrek arartekoaren jardueran ere eragin du», adierazi du Lezertuak. Datuei erreparatuta, 12.491 ekinbide tramitatu zituzten Arartekoaren bulegoan iaz; horietatik herritarrek aurkeztutako 7.578 kexa eta kontsulta izan ziren, eta ofizioz 47 jardunbide abiatu zituen instituzioak berak. Halaber, ia 2.131 espediente ebatzi zituen, eta 1.422 ebazpen eman. Kexak tramitatzeko batez besteko epea 50 egun izan zen.

Gizarte bazterkeriaren aurka jarduteko bitartekoekin lotutako kexek gora egin zuten iaz: 508 ekinbide tramitatu zituzten, 2020an baino 11 gehiago. Espediente horietatik %90ek Lanbideren funtzionamendu txarrarekin zerikusia izan zuten, eta baita diru sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria kudeatzeko jarduerekin ere.

Haur eta Nerabeen bulegoko arduradun Elena Aiarza ere izan da agerraldian, eta hark eman du bere bulegoko datuen berri. Jakinarazi duenez, Haur eta Nerabeen bulegoan 454 espediente izan ziren iaz, hau da, arartekoan aurkeztutako kasu guztien %16,4. Jasotako kexen artean, bakarra aurkeztu zuen adingabe batek. Gaika, umeen bizi baldintza materialekin lotutako arazoak erreklamazioen ia erdia izan ziren (%47,4) eta hezkuntza sistemari buruzkoak %28. Gainera, haur eta nerabeen osasunerako eskubidearekin lotutako kexa eta kontsulta asko izan ziren iaz. Arartekoak txostenean jasotzen duenez, azpimarratzekoak dira adingabeek maskara eskolan derrigor erabiltzeari buruzkoak eta COVID pasaportearekin lotutakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.