Pobreziaren Aurkako Eguna

Gizarte desberdintasunak areagotu egin direla ohartarazi dute

Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta hainbat mobilizazio izango dira Euskal Herrian. Arartekoarekin batera, Euskal Herriko zenbait elkartek ere gizarte desberdintasunak murrizteko neurriak eskatu dituzte.

Pobrezia Bukatzeko Nazioarteko Eguneko protestak, 2021ean. OSKAR MATXIN EDESA
iraia vieira gil
2022ko urriaren 17a
15:26
Entzun

Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, urriak 17, eta, horren harira, gizarte desberdintasunen kontrako aldarria egin du Arartekoak. Ohartarazi du «egiturazko aldaketa sakonak» behar direla pobreziari aurre egiteko, eta «onura ekonomikoa» bilatzeak gizartean eta politikan jasangarria izateari utzi diola. Bestalde, eta baliabide ekonomikoak bakar batzuentzat izan ez daitezen, babes juridikoa eta «politika publikoak» eskatu ditu.

Ikerketa ugarik erakusten dute desberdintasunak areagotu egin direla. Save The Children erakundeak argitaratutako ikerketa baten arabera, hain zuzen, %11 handitu da inflazioa azken lau urteotan Gipuzkoa, Bizkai eta Araban. 2019ko itxialdiaren ostean, gainera, emakumeengan izan du egoera horrek eraginik handiena. Horiek horrela, gizarte bazterketa saihesteko zenbait neurri proposatu ditu arartekoak, hala nola prestakuntza kualifikatua, kalitatezko lana eta bizileku segurua izateko eskubidea, eta genero, etnia eta abarrengatik diskriminatua ez izateko bermea.

Horrez gain, «pobreziaren zirkulua» hausteko ordua dela aldarrikatu du EAEko Arartekoak, bai eta gizarte berdintasunaren eta duintasunaren bidean aurrera egiteko ordua ere.

Asilo politika inklusiboak

Egoera berdintsua da Europan ere. Europako Batzordeak adierazi duenez, pobrezia arriskua kontinente osoan areagotu da, eta, Gosearen Kontrako Ekintza erakundearen arabera, %22 da txirotasun tasa. Zero Pobrezia elkarteak agerraldi bat egin du goizean Donostian, eta «sistema kapitalista heteropatriarkalari» egotzi dio gaurko egoera: «Gatazka batzuetan, mugak hurbiltasun geografiko eta kulturalagatik malgutzen dira, baina, beste batzuetan, bazterkeria, indarkeria eta heriotza gertatzen dira».

Elkarte horren arabera, gizarte desberdintasunak «faktore anitzekoak» dira, nahiz eta erabaki ekonomiko eta politikoek ere izugarrizko eragina duten. Munduan, hain zuzen, 65 gerra aktibo daude guztira; Errusiaren eta Ukrainiaren artekoa, kasurako. Donostian izandako protestan, elkarteak salatu du errefuxiatu guztiek ez dutela harrera bera, eta aldarrikatu du asilo politikek inklusiboak izan behar dutela.

Zero Pobreziaren manifestazioa, dena den, ez da Euskal Herrian egin den bakarra. Bilbon, gizarte, sindikatu, auzo eta hirugarren sektoreko erakundeek hartu dituzte kaleak goizean ere; Iruñean, Aquí no hay quien viva: pautas para el cambio global jardunaldia izango da arratsaldean, Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformak antolatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.