Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Gizarte aurrerapenak «sozialisten eskutik» iritsi dira, Anduezaren arabera

Lan Erreforma laudatu du, eta «sozialisten lorpenez» jabetu nahi izatea leporatu dio EAJri. Laespadak industriaren garrantzia nabarmendu du

Carlos Fernandez, Eneko Andueza eta Teresa Laespada, atzo. M. DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Ezkerraldea, «euskal sozialismoaren sorlekua» den eskualdea aukeratu zuen atzo PSE-EEk Bizkaiko ekitaldi nagusia egiteko, eta zehazki Barakaldo; herri horretan sozialistek alkatetza izan zuten 1983tik 2015era, baina azken bi agintaldietan galdu egin dute EAJren mesedetan, eta orain ahaleginak eta bi egiten ari dira berreskuratzeko. Ekitaldian, PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Anduezak esan zuen gizarte arloan aurrerabidea ekarri duten politika guztiak «sozialisten eskutik» etorri direla, eta EAJri «sozialisten lorpenez» jabetu nahi izatea leporatu zion.

Iñigo Urkullu lehendakariaren adierazpen batzuk hartu zituen Anduezak ahotan. Adierazpen horietan, Urkullu pozik agertu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan enpleguaren datuak «bikainak» direlako eta, esaterako, Gizarte Segurantzan izena emana dutenen kopurua lehenengo aldiz historian milioi bat baino gehiagokoa delako. «Tanto hori geurea da», esan zuen Anduezak. Haren esanetan, enpleguari buruzko datuak Idoia Mendiak Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailean egindako lanari eta, bereziki, Espainiako Kongresuan onartutako Lan Erreformari zor zaizkio. Gogorarazi zuen EAJk erreforma horren kontra bozkatu zuela.

Etxebizitza Legea ere aipatu zuen Anduezak. Hori ere sozialisten lorpen gisa aurkeztu zuen, eta gogora ekarri zuen EAJ lege horren kontra ere azaldu zela: «Herri honetan, aurrerapen guztiak sozialistei esker iritsi dira. Hori egia da, eta egia azaleratu egin behar da».

Anduezak erantsi zuen haiek direla «gobernatzen dakien ezkerra, ezkerra arduratsua, jendeari entzun eta instituzioetara jendearen arazoak konpontzera doana».

Buruzagi sozialistaren kritika gehienak EAJrentzat izan ziren, baina EH Bilduri eta Elkarrekin Podemos-IUri ere bidali zion mezurik, aipatu ez bazituen ere: «Benetako ezkerra direla dioten horiek, jendearen eta aberriaren artean aukeratu behar dutenean, aberria aukeratzen dute beti», esan zuen EH Bilduri buruz. Elkarrekin Podemos-IUri dagokionez, EH Bilduri «mandatuak» egiten dizkiola esan zuen.

Anduezaren iritziz, sozialistek erakunde guztietan abian jartzen dituzten politika guztiak «koherenteak» dira eta «norabide zehatza» dute: «Langileentzat baldintza hobeak nahi ditugu, inor atzean utzi gabe».

Ezkerraldea xede

Ekitaldian parte hartu zuten guztiek agerian utzi zuten Ezkerraldean emaitza onak lortzeari ematen dioten garrantzia. «Ezkerraldea geuk egin genuen, geuk altxatu genuen, geuk lortu genituen hemengo herritarrentzako eskubideak», esan zuen Anduezak. Eta PSE-EEren Bizkaiko ahaldungai nagusi Teresa Laespadak ere antzeko mezua eman zuen bere hitzaldian: «Orain badirudi Ezkerraldea denei interesatzen zaiela, denek nahi dioteatzaparra bota, denak etortzen dira hona, baina ez lan egitera. Sozialistok, berriz, beti lan egin dugu Ezkerraldearen alde».

Ezkerraldearen iragan industriala gogora ekarri zuen Laespadak, eta industriaren garrantzia nabarmendu zuen etorkizunari begira ere: «Bizkaiaren ongizateak industriari lotuta egon behar du; industria desberdina, beste gauza batzuk ekoitziko dituena, baina industria azken finean».

Laespadak ere goraipatu zuen Lan Erreforma, eta esan zuen foru aldunditik, eta zehazki berak zuzendu duen sailetik, lagundu dutela enplegua sustatzen: «Baina gehiago nahi dugu, eta horregatik datozen hauteskundeetan gailendu nahi dugu».

Barakaldoko alkategai sozialista Carlos Fernandez ere mintzatu zen ekitaldian. Amaia del Campo alkate jeltzalea gogor kritikatu zuen: «Herritarrek gure falta sumatzen dute, eta sozialistak itzultzea nahi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.