Klima larrialdia. Ana Maria Alonso. Geologoa

«Gizakiak ez dauka ahalmen nahikorik planeta suntsitzeko»

Alonsok gogorarazi duenez, historian zehar krisi izugarriak egon dira, eta, planetak aurrera jarraitu duen arren, espezie batzuk desagertu dira. Donostiako Miramarren eman du antropozenoari buruzko hitzaldia.

BERRIA.
jone arruabarrena
Donostia
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Meatzaritza eta Geologia Institutuko zuzendaria da Ana Maria Alonso (1962, Viñegra de Moraña, Espainia), eta baita Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Geologia Zientzien Fakultateko Mineralogia eta Petrologia Saileko katedraduna ere, besteak beste. Donostiako Miramarren izan zen joan den astean, Ingurumen-Komunikazioaren Eskolan Antropozenoan bizi gara? hitzaldia ematen.

Ikusi gehiago: Energia trantsizioan, bi pauso aurrera eta bat atzera

Klima larrialdiaz hitz egitean, askotan aipatzen da biodibertsitatea, baina geodibertsitatearen kontzeptua, berriz, ez da hain ezaguna. Zer da?

Gure planetaren historia kontatzen duten eta haren gainean egindako jardueraren ondorioz sortu diren elementu geologikoen aniztasuna da. Geodibertsitateak arrokak, mineralak edo fosilak hartzen ditu barne, baita lurzoruak, paisaiak eta egitura geologikoak ere.

Zer da antropozenoa?

Oraingoz, modu informalean erabiltzen den kontzeptu bat da. Zientifikoki oraindik ez dago definituta, baina erreferentzia egiten dio gizakiaren jarduerak planetan aldaketak eragin dituen denbora tarte bati.

Esango zenuke orain antropozenoan gaudela?

Pentsarazi beharko ligukeen termino bat da. Egia da gizakia planetan aldaketak egiten ari dela, bere jardueraren seinaleak uzten. Esaterako, adreiluak, hormigoia... egiten ditugun eraikuntza guztiak. Beraz, hori gure material gisa erregistratuta geratuko da geologikoki.

Aldaketa gehiago ere egiten ari da gizakia.

Bai. Guk, klima aldaketaz hitz egin beharrean, aldaketa globalaz hitz egiten dugu. Gizakia egiten ari den aldaketek are gehiago aldatzen dute lurra, eta planetaren aldaketa naturalari gehitzen zaizkio. Izan ere, joera daukagu Lurra planeta estatiko bat bezala irudikatzeko, baina ez da horrela; etengabeko aldaketak jasan dituen planeta bat da. Ipar eta Hego poloak handiagoak izan diren denbora tarteak izan dira, eta baita polorik egon ez den sasoiak ere; itsasoaren maila orain baino askoz altuago zegoen, esaterako.

Zer aldaketa geologiko egin dizkio gizakiak planetari azken mendeetan?

Esaterako, material antropogenikoa sortzen ari da gizakia: hormigoia, adreiluak... ibaietako higadura ere geroz eta handiagoa da.

Zer gertatzen da gizakiak sortutako material horrekin?

Ibaien bidez garraiatzen dira, eta ibaiak energia gutxien daukan lekuetan pilatzen ditu. Material horiek sortuko ez bagenitu, ibai horrek arroka naturalen zatiak soilik izango lituzke, baina gaur egun ibaiek adreilu zatiak edo bestelako materialen zatiak ere garraiatzen dituztenez, horiek ere sedimentuen geruzetan pilatuko dira, eta, beraz, bertako erregistro geologikoan geratuko dira. Esaterako, geruza horietan geratuko diren fosiletako asko oilasko hezurrak izango dira, gure gizartean oilasko asko kontsumitzen baita.

Aipatu duzu garrantzitsua dela aldaketa horiek ez sailkatzea «onak» edo «txarrak» bezala.

Ni ez nintzateke hasiko onak edo txarrak diren esaten. Hori bai, jakin behar dugu aldaketa horiek eragiten ari garela. Sedimentu batek adreilu edo hormigoi zatiak edukitzea ez da ez txarra ez ona, erregistro geologikoan seinale ezberdin bat baizik.

Nola eragiten diote aldaketa horiek biodibertsitateari?

Esaterako, lurrazala abiadura handiagoan higatzen da, edo CO2aren mailaren igoerak espezie askori eragiten die, baina ez bere horretan material horiengatik.

Euskal Herrian aurkitu duzue elementu antropogenikorik?

Getxoko Gorrondatxe hondartzan, esaterako, bost metro inguruko arrokak daude, eta hein handi batean inguruko hondakindegietatik eta siderurgia industrietatik eratorritako materialez eginda daude. Lehen, hondakin horiek itsasora botatzen ziren, eta azkenean hondartzetan bukatzen zuten, arroka bihurtuta. Geodibertsitate ezberdin bat sortzen ari gara, gizakiaren jarduera egongo ez balitz existituko ez litzatekeena.

Izan ere, esan duzu Lurra ez dela suntsituko, baizik eta gizakia bertatik desagertuko dela.

Historian zehar krisi izugarriak izan dira, planetako espezieen %95 baino gehiago desagerrarazteraino. Baina planetak hor jarraitu du. Honekin ez dut esan nahi gizateria bat-batean desagertuko denik, baina argi izan behar dugu, Lurra hein batean aldatzeko ahalmena izan dezakegun arren, gizakiak ez daukala ahalmen nahikorik planeta suntsitzeko.

Krisiak ekarriko dituen muturreko fenomeno meteorologikoen inpaktua ere murrizten lagundu dezake geologiak?

Prozesu geologikoak nolakoak izango diren eta noiz gertatuko diren jakinez gero, katastrofe horien eragina modu nabarmenean murriztu dezakegu. Esaterako, uholdeei edo lurrikarei dagokienez, informazio asko daukagu horien eraginak ahalik eta gehien gutxitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.