Kontxako Banderaren azken jardunaldiarekin batera, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Bergarako Larramendiko Arnasa plataformak giza katea egin zuten, Kontxako hondartza punta batetik bestera zeharkatuz. Zubietako erraustegiak ateak ireki zituenetik arazoak sortu dituela salatu dute: «Hiru aldiz erre da transformadorea, pilatutako zaborretan sute bat izan da, bi aldiz kutsatu dute bertatik pasatzen den Arkaitzerreka, gutxienez 86 aldiz itzali eta piztu dira labeak, horrek dakarren kutsadura gaindosiarekin. Momentu honetan bertan transformadorea hondatuta daukate, eta elektrizitaterik sortu gabe ari dira zaborrak erretzen».
Bestalde, salatu dute bertan gertatzen denaren inguruko informazio gutxi dagoela, eta ezkutatu egiten dela: «Aipatutako intzidentzia guztiak kanpotik egindako jarraipenaren emaitza izan dira; erraustegi barrutik ez da informaziorik ateratzen». Hori dela eta, uste dute ondorioztatu daitekeela aipatutako intzidentziez gain gehiago gertatu direla.
Erraustegia Bergaran
Bergarako Larramendi auzoan (Gipuzkoa) erraustegi bat jarri nahi dute martxan, paper industriako hondakinak erretzeko. Erraustegi horren eraikuntza Zaldibarko ezbeharrarekin lotu dute protestara deitutako taldeek: «Azken urtean jakin da Eusko Jaurlaritzak eta Valogreen enpresak Bergaran hondakin industrialen erraustegi bat eraiki nahi dutela. Zaldibarren gertatutakoaren ondoren hondakin hauei «irtenbidea» eman behar diete. Hondakinak murriztera eta berreskuratzera derrigortu beharrean, EAJk «alfonbra gorria» jarri dio Valogreeni, Euskadiko zazpi paper fabriken hondakinak erre ditzan», diote.