Euskara

Giza katea egingo dute bihar 8.000 lagunek, euskara batuaren alde

Errenteria eta Donostia artean egingo da giza katea; 8.226 metro luze izango da. Euskara batuak Euskal Herriaren «garapenean izan duen balioa azpimarratzeko» eta haren bultzatzaileak «oroitzeko» egin dute deialdia.

'Batasunaren bidean' giza katearen aurkezpena. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 23a
18:03
Entzun

Euskal Herri osoko ikastoletako» haur eta nerabeak bilduko dira bihar: Errenteria, Pasaia eta Donostia arteko giza katea egingo dute, euskara batuaren alde. Euskaltzaindiak eta Ikastolak Herriari taldeak antolatu dute omenaldi hura Batasunaren bidean lelopean. Kaleak, plazak eta beste hainbeste hartuko ditu giza kateak; denera, 8.226 metro luze izango da. Ikasleek parte hartuko dute, baina «nahi duten herritar guztiek» ere aukera izango dute giza katea osatzeko. Gutxienez 7.000 lagun bilduko dira bihar.

Euskara batuak Euskal Herriaren «garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko» egingo dute omenaldia.

Giza katea Errenteriako Gamon zumarditik abiatuko da; Koldo Mitxelena hizkuntzalaria oroitzeko han jarrita dagoen eskulturaren paretik. Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaituko da, Parte Zaharrean. 11:00etan hasi eta 11:30ak arte egongo da giza katea osatuta. Ondoren, bost gune egokituta edukiko dituzte antolatzaileek, horietan euskara batua goraipatzeko ekitaldiak egiteko. Errenterian, Pasaian, Donostiako Herrera auzoan, Zurriola ikastolan eta Konstituzio plazan egongo dira gune horiek.

Batuaren sorrera «oroitzea»

Antolatzaileek nabarmendu dute euskal gizarte osoak duela garrantzia euskara batuaren sendotzean; dena dela, helburua da haren «sorreran eta gorpuztean nabarmendutako hamabost pertsona jakin oroitzea»: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Arantxa Urretabizkaia, Henrike Knorr, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.

Goizeko deialdiaz gain, 17:30ean ekitaldi instituzional bat egingo da Errenteriako udaletxeko areto nagusian, eta hor berriz omenduko dituzte euskara batuaren sustatzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.