Iridiako kidea

Irene Urango: «Giza eskubideen urraketa larriak egiten dituzte legea betearazteko ardura dutenek, eta ez dira behar bezala ikertzen»

Poliziaren kontu emate mekanismoak egokitzeko plan bat prestatu du aditu talde batek, eta hura instituzioetan aurkezteari ekin diote. Urango haren koordinazio lanetan aritu da, eta kontrol lan horretarako organo independente baten beharra nabarmendu du.

BORJA LO
BORJA LO
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 14a
05:00
Entzun

Iridia giza eskubideen defentsarako zentroak eta Novact ekintza ez-biolentoen aldeko nazioarteko institutuak bultzatuta, Espainiako Estatuko Polizien gardentasun eta kontu emate mekanismoak hobetzeko eta modernizatzeko ekintza plana ondu du aditu talde batek, eta aurkezpen lanetan ari dira. Irene Urango (Bartzelona, 1988) Iridiako kidea da lan horietan ari diren lagunetako bat, planaren koordinatzaile gisa aritu ostean.

2022an gaiaren inguruko txosten bat argitaratu zenuten, eta gogoratu NBEren Giza Eskubideen Batzordeak kezka azaldu izan duela Espainiako Estatuak Polizia indarkeriarekin eta torturekin lotutako salaketak ez ikertzeagatik. Beraz, jada identifikatutako behar bati erantzuten dio planak, ez?

Diagnostiko hartatik abiatutako plan bat da. Hartan, ondorioztatu genuen egungo kontu emate eta gardentasun mekanismoak ez direla nahikoa, eta ez direla egokitzen nazioarteko estandarretara. Giza eskubideen urraketa larriak egiten dituzte legea betearazteko ardura duten funtzionarioek, eta ez dira behar bezala ikertzen. Ekainaren 24ko sarraskiaz eta antzeko gertaera larriez ari gara [2022ko ekainaren 24an, gutxienez 37 lagun hil eta 76 desagertu ziren Melillako harresia igaro nahian], edo Iñigo Cabacasen kasuaz.

Eta diagnostikoa eginda, zein dira planaren ardatzak?

Funtsezkoa da neurriek laguntzea giza eskubideen urraketen inguruan dagoen inpunitatearen kultura amaitzen, eta biktimen egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta ez errepikatzeko bermerako eskubideak errespetatzen. Horretarako, politika publikoetan aldaketak egiteko proposamen zehatzak egin ditugu. Diziplina ezberdinetako hemezortzi aditu batu ditugu horretarako; ekintza plan baterako proposamen bat ateratzeko. Horren ondorio dira 36 gomendioak, hiru bloketan banatu ditugunak: legea betetzeko ardura duten funtzionarioen ekintzak gainbegiratzeko organo independente bat eratzea; barne ikerketa eta gardentasun arloetan neurri zehatzak hartzea; eta ikerketa judizialetan eta pertsona kaltetuen erreparazioan eragitea.

Zer funtzio izango lituzkete polizien kontrol lanetarako organo independente horiek?

Guk dakigunez, lehen aldia da lur hartzen duela halako organo baten izaeraren inguruko proposamen batek estatuan, baina, nazioarteko esperientziatik abiatuta, defendatu dugu organo horiek legedi propio baten pean eratu behar direla, dagokien parlamentuen esku egon behar direla, eta gaitasuna izan behar dutela giza eskubideen urraketa larriak ikertzeko. Horiek egungo kontu emate sistemaren osagarri izan behar dira, identifikatuta dauden hutsune larriak betetzeko. 

«Polizia protokoloen parte handi bat ezagutzea garrantzitsua da jakin ahal izateko ea errespetatzen ote diren nazioarteko estandarrak»

EAEn badago batzorde bat martxan, baina hori Segurtasun Sailari lotua dago. Zer arazo sor ditzake horrek?

Adituek azpimarratu digute organoak %100 independentea izan behar duela, eta horrekin lotura du ea nori ematen dizkion kontuak. Parlamentuari emateak, horrek dakarren aniztasun politikoarekin, berme gehiago ematen ditu, aginte bakar baten pean egon ez dadin. Asmoa da Poliziaren alde operatiboan dauden horiei lotuta ez egotea, zerk huts egin duen modu independentean ikertzeko.

Gizarte zibilak ere rol aktibo bat izan behar duela diozue.

Azken urteetan ikusi da gizarte zibila funtsezkoa dela halako ekintzak fiskalizatzeko. Gizarte zibil aktibo bat behar dugu, bere eskubideak zein diren uler dezakeena, eta giza eskubideen urraketa larriei nola ekin badakiena. Salaketek edo polizien ekintza batzuk grabatu izanak balio izan dute kasuak auzitara iristeko, behar bezala ikertzeko.

Azken urtean, Ertzaintzak lesio larriak eragin dizkie gutxienez bi herritarri foam pilotekin, baina, arduradun politikoen adierazpen gutxi batzuetatik haratago, ez dakigu zein diren halako armak erabiltzeko protokoloak. Horri aurre egitea posible da?

Oso zaila da. Eskaerak egiten direnean, segurtasun nazionaleko arrazoiak argudiatzen dira. Ulertu daiteke eduki guztia ez argitaratzea, baina parte handi bat ezagutzea garrantzitsua da jakin ahal izateko ea errespetatzen ote diren nazioarteko estandarrak. Guk proposatu dugu organo independenteak sarbidea izatea protokoloetara eta ezartzen diren arma berrien analisira, zehazteko ea nazioarteko estandarretara egokitzen diren.

Katalunian protokoloak publikoak dira egun.

Konplexua izan zen informazio hori eskuratzea. Iridiatik auzi estrategiko gisa jorratu genuen kasu baten harira, jakin ahal izan genuen zein ziren protokoloak eta fabrikatzailearen gomendioak. Eta Omega Research Foundationek egindako peritu txosten baten bidez, zehaztu zen protokoloak urratu egiten zituela nazioarteko gomendioak, baita fabrikatzailearenak ere. Aldatu da hori, baina gardentasun oso gutxi dago, eta garrantzitsua da herritarrek horiek ezagutzea eta fiskalizatu ahal izatea.

«Ez gara erreparazio ekonomiko batez soilik ari, ulertu behar da [polizia indarkeriaren] ikerketa bera ere erreparazioaren parte dela, eta bermatu behar dela»

Eskuin muturretik migrazio eta segurtasun kontzeptuak lotzen saiatzen ari diren honetan, zuek profil etniko-arrazialetan oinarritutako diskriminazioa jarri duzue jomugan.

Egiturazko arrazakeria instituzional bat egon badagoela dioen aitortza bat behar da. Izan ere, politika publiko ororen oinarria da zein egitateri ekin behar zaion jakitea. Identifikatu dugu diskriminazioa oinarri duten norbanakoak gelditze horiek sarbide direla urraketa larriagoetara. Aztertu eta erregistratu beharreko zerbait da, eta egun ez da existitzen halakoak monitorizatzeko modurik.

Eta zer proposatzen duzue?

Planteatu dugu norbanakoak geratzean eta erregistratzean formulario batzuk bete behar izatea. Horietan agenteak justifikatu beharko luke zergatik geratu duen pertsona hori. Era berean, geratu dutenaren autopertzepzio etniko-arraziala eta agentearen pertzepzioa jaso beharko lirateke. Norbanakoari frogagiri bat eman beharko litzaioke, arrazakeriaren biktima izan dela uste badu, salatu ahal izan dezan. Baina hori ez da berria, martxan izan dira halako proiektu pilotuak, ikusteko ea nortzuk eta non geratzen zituzten, sarri ez baitzuten bat egiten halako ekintzek eta delinkuentzia mailarik handieneko eremuek. Hori lehen elementu bat litzateke, Poliziak nola ekiten duen aztertzeko eta neurriak hartu ahal izateko. 

Indarkeria instituzional hori eman osteko uneari ere erreparatu diozue. Esaterako, fiskaltza espezializatu bat eskatu duzue. Zer funtzio luke?

Fiskaltzan zein ofiziozko txandetan identifikatu dugu behar bat. Indarkeria instituzionalari dagozkion espezifikotasun batzuk daude, eta formazio falta bat dago giza eskubideen arloan ere: nola lan egiten duten poliziek, nola ematen den indarkeria mota hori, eta horrek zer eragin izan ditzakeen. Beraz, espezializazioak berme gehiago eskainiko lizkioke ikerketari, frogak aztertzean, beharrezko diligentziak egitean... Esaterako, Iridian iaz landutako 60 kasuetatik soilik hirutan izan zuen fiskaltzak rol proaktibo bat.

Beste elementu bat da biktimen erreparazioa, besteak beste, torturen biktimena. Zer egin daiteke horiek sufritzen duten birbiktimizazioari aurre egiteko?

Batetik, norberak jasandakoa zalantzan jartzea dago. Askotan, halakorik gertatu izana ukatzen edo minimizatzen da, edo zuzenean salaketa bat jartzea eragozten. Bestetik, prozesu judizialetan askotariko birbiktimizazioak daude: asko luzatzen dira, pertsonak berriz bizi behar ditu pairatutakoak, artxibatzeak... Laguntza psikosozialik gabe oso konplexua da, eta ez bada pertsonaren eta bere inguruaren determinaziogatik, oso zaila da amaierara arte iristea. Hori ikusirik, eta estatuaren biktima diren heinean, administrazioak ardura bere gain hartu behar du. Ez gara erreparazio ekonomiko batez soilik ari, ulertu behar da ikerketa bera ere erreparazioaren parte dela, eta bermatu behar dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.