Giza Eskubideen Ligak zinezko elkarrizketa politikoa abiatzeko eskatu du

Aurore Martinen atxiloketaz «kalapitak gelditzeko» eskatu du Manuel Valls Barne ministroak

Aurore Martinen atxiloketa salatzeko protesta, ostiralean, Baionan. G. IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Astea betetzen da gaur Aurore Martin Maulen atxilotu eta arratsean berean Espainiaratu zutenetik. Baina oraino egunero plazaratzen ari dira sostengu berriak. Azkena, Giza Eskubideen Liga eta haren nazioarteko federazioarena. Pierre Tartakowsky eta Souhayr Belhassen bi elkarteetako presidenteek gutun irekia bidali diote François Hollande Frantziako presidenteari. Galdegiten diote eragin dezala «Aurore Martin ez dadin izan koadro demokratikoan aterabide bat aurkitzen ari den gatazka baten biktima». Eta Martinen kasua baino haratago, «Espainiako Gobernuari eskaera egiteko zinezko elkarrizketa politikoa ireki dezan, aktore guztiak kontuan hartuz, baita Frantziako aldean ere». Zehazten du ulergaitza dela ikustea «agintari frantses eta espainiarrek pentsatzen segitzea errepresioak duela konponduko aspaldiko arazo politikoa».

Atxilotu eta Espainiaratu izana, «legezkoa» izan arren, «legearen indar injustuaren» agerpena dela diote, François Mitterranden formulazio bati erreferentzia eginez. Europako Batzordea ere gizabanakoaren libertateak guti errespetatzen dituen sistemaren disfuntzionamenduaz dudak agertu dituela nabarmendu dute.

Françoise Castex eurodiputatu sozialistak eta Europako Parlamentuko gai juridikoen batzordeko presidenteorde denak, hain zuzen, Europako Batzordeari eta Europako Kontseiluko presidenteari dei egin die euroaginduaren esparru legezkoaz galdezka. Herrien arteko lege ezberdintasunak ekiditeko zer duten aurreikusten galdetzen du. Iritzi askatasuna eta, oro har, funtsezko askatasunak hobeki garantizatzea dela jokoan azpimarratu du, eta, horretarako, euroaginduak salbuespen zabalagoak izan beharko lituzkeela. Eskaera horren haritik, zehaztu daiteke Martinen aurkako euroagindua ez duela funtsean ikertu ahal izan Paueko auzitegiak. Haren azterketa formala izan zen, Batasuna legala izatea Frantzian, eta iritzi askatasunaren gaia ez zuten jorratu.

Valls, gero eta estuago

Martinen atxiloketan Frantziako Gobernuari eta Manuel Valls Barne ministroari jokatu zuten rolaz galdera zuzenak egin dizkiete Senatuan eta Parlamentuan.Vallsek erantzun zien 2013ko Frantziako segurtasunaren aurrekontuaz ari zirela parlamentuan, bere hitzaldiaren konklusioan.

Gaia larria dela, eta kalapitak horretan uztea eskatu zuen. Prozedura judiziala izan zela berretsi zuen. Prozeduran ezin zuela ezer egin, botere banaketagatik. Bideko kontrola «ustekabekoa» zela, eta kontrakoa diotenek «gezurretan» ari direla, «fede txarrarekin, eta difamazioaren mugetan». Batasunak «Espainian» egin agerraldi publikoetan parte hartu izanagatik dela auzipetua Martin, errepikatu zuen. Jendarmeek beren lana egin dutela erran, eta ez duela onartuko jendarmeen lana dudan jartzea hautetsi batzuk, eta bereziki parlamentari batzuk; haserretu egin zen. Euroaginduaren beharra azpimarratu zuen, eta ez dela à la carte aplikatzen ahal mailukatu. Espainia herri «demokratikoa eta laguna» dutela eta, elkarlanak ez duela «bake prozesu bat ekarri» azaldu zuen, gaineratuz, «zer dira hitz horiek?», bake prozesuaz mintzo. Elkarlanak ekarri duena dela «ETAk ez jokatu ahal izatea duela zenbait urte bezala, hamarnaka pertsona hilez». Ezin dela «konplazentziarik izan terrorismoari begira» eta «eginkizun edo hitzen bidez, terrorismoa sostengatzen» dutenei begira erranez bururatu zuen hitzaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.