Giza Eskubideen Gutunaren 70. urtemuga gogoratu dute

Martxa bat egin dute Bilbon, nazioarteko kanpaina batekin bat eginez. Jose Palazonek eta Juan Jose Aguirrek jaso dute Rene Cassin saria

Bilbon, atzo eginiko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Erredakzioa
2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Atzo 70 urte bete ziren Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zuela Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak, etaagiri horren garrantzia nabarmentzeko ekitaldiak eta mobilizazioak egin zituzten munduko hainbat tokitan, baita Euskal Herrian ere. Bilbon manifestazio jendetsu bat egin zuten, eta Eusko Jaurlaritzak ekitaldi instituzional bat egin zuen.

Bilboko mobilizaziora gizarte eragileek deitu zuten, giza eskubideen askotariko urraketak salatzeko, adierazpenaren 70. urtemugaren harira nazioartean egin den kanpaina baten aldarrikapenekin bat eginez. Amnesty Internationalek, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak, Bizitegik, Fekoorrek, Alboanek, Aletuk eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak deitu zuren mobilizaziora. «Oso urrun gaude adierazpen hori bere osotasunean betetzetik. Are gehiago, nabariak dira giza duintasunaren aurka egin diren atzerapausoak», salatu dute antolatzaileek.

Afrikara begira

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren egileetako bat euskal herritarra zen: Rene Cassin baionarra. Eta izen hori dauka Eusko Jaurlaritzak urtero banatzen duen sariak. Aurtengoa Jose Palazon espainiarrak eta Juan Jose Aguirre kolonbiarrak jaso dute.

Palazon Haurren Giza Eskubideen Aldeko Elkartearen (Prodein) sortzailea da, eta migratzaileek eta errefuxiatuek Europako Batasunaren hegoaldeko mugan —bereziki, Melillan (Espainia)— pairatu dituzten giza eskubideen urraketa larriak ikusarazi eta salatzeagatik saritu dute. Aguirre, berriz, Eliza katolikoaren misiolaria da, eta Bangassouko (Afrika Erdiko Errepublika) elizbarrutiko apezpikua, duela 38 urtetik. «Munduko herrialde pobreenetako batean ahaztuta dauden pertsonen bozgorailua da», Jaurlaritzak azpimarratu duenez.

Sarien banaketan Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du «ohore handia» dela «Afrikan eta Afrikatik pertsonen duintasunaren alde borrokatzen diren pertsona eta erakundeak aintzatestea». Nabarmendu du gizarte batek ezin duela aurrera egin «baldintza zailenak eta kaltegarrienak bizitzera behartuta daudenak aintzat hartzen ez baditu».

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, «aniztasunaren defentsarekin konprometitzera» deitu zituen gazteak atzo, Aniztasunetik Eraiki hezkuntza programaren sarien banaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.