Giza Eskubideen Behatokiak Pradalesi eskatu dio zuzendu dezala Alfredo Espinosa aitortzeko ekinaldi instituzional bat

Alfredo Espinosa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu izana 1937ko ekainean fusilatu zuten. Haren kontrako prozesua eta ezarritako heriotza zigorra deusezteko urratsak eskatu dizkie Behatokiak Pradalesi eta Espainiako Gobernuari.

Alfredo Espinosa. BERRIA
Alfredo Espinosa. BERRIA
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 18a
10:00
Entzun

Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak ekinaldi instituzional bat bultzatu nahi du 36ko gerra garaian Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu izan eta garai hartan fusilatutako Alfredo Espinosa Oriberi «beharrezko ordaina emateko eta frankismoak kendutako duintasuna berreskuratzeko». Behatokiak ekinaldiaren buru izatea proposatu dio Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesi, eta parte hartzeko deia egin die Bilboko eta Gasteizko udalei ere.

Behatokiaren xedea da Espainiako Gobernuak adieraztea Espinosa heriotza zigorrera zigortu zuen gerra kontseilua «legez kanpokoa eta ez-legitimoa» izan zela, eta hark eta haren senideek ─ekinaldiak haien babesa du─ beharrezko ordaina eta duintasuna berreskuratzea, Moncloaren aitorpen deklarazio baten bidez. Azaldu dute testu horretan heriotza zigorra «deuseztatu» beharko luketela.

Madrilek Lluis Companys Kataluniako Generalitateko presidenteari egindako aitortza oinarri hartuta, eskaera sorta bat egin die Behatokiak instituzioei, aitortza hori egiteko eskumena duen erakundetik hasita, hau da, Espainiako Gobernutik. Behatokiak Espainiako Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikorako ministro Angel Victor Torresi eskatu dio heriotza zigorraren kontrako adierazpen solemne bat sustatzeko Ministroen Kontseiluan.

Hori bultzatzeko, Pradalesi galdegin diote eskaera ofizial bat egiteko eta, modu osagarrian, bestelako aukerak ere aztertzeko Espinosak eta haren familiak justizia izan dezaten. Eskari hori egiteko, Behatokiak egungo legedia hartu du kontuan. Zehazki, Espainiako Memoria Demokratikorako Legea eta EAEko Memoria Historiko eta Demokratikorako Legea.

Lehenak 6.3 artikuluan zehazten du aitortza eta erreparazio pertsonalak ezartzeko eskaerak egiteko aukera dutela biktimek parte hartu zuten erakundeek, horien gobernu organoek hala adosten badute. Eta Espinosa Eusko Jaurlaritzako sailburu izan zenez, uste dute Pradalesek hartu beharko lukeela orain auziaren gidaritza.

Gainera, EAEko legediak ere Gogora institutuari aitortzen dio legez kontrako ebazpen judizialen ordaina emateko eskaerak egiteko eskuduntza. «Gure ustez, euskal instituzioek, erakundeek eta sindikatuek, eta familiek eurek, bereganatu behar dute mekanismo hori, errepresaliatuen duintasunerako eskubidea erabiliz», dio Behatokiaren oharrak.

Espinosa, Agirre lehendakariaren atzean, 1937ko apirilean. BERRIA
Espinosa, Agirre lehendakariaren atzean, Santanderko tren geltokian, 1937ko apirilean. BERRIA

Era berean, gehitu dute eskaera horretan bidelagun izan beharko liratekeela Bilboko eta Gasteizko udalak; izan ere, Espinosa Bilbon jaio zen, 1903an, eta Gasteizen fusilatu zuten, 1937an. Bi udal horiei beste proposamen bana ere egin diete. Bilbokoari proposatu diote, Espinosaren «figura instituzionalaren garrantzia» kontuan izanik, haren izena daraman kalean ─Miribillan dago─ sailburu izanaren «konpromisoa» eta «heriotzaren inguruabarrak» zehaztuko dituen plaka bat jartzeko. Gasteizkoari, berriz, Karmengo komentu zaharrean ─han izan zuten preso─ jada badagoen plaka Espinosaren datuekin osatzeko. Hartan, bai daude jasoak Estepan Urkiaga Lauxeta idazlearen eta Jose Placer EAEko zuzendaritzako kidearen izenak.

Isiltasunetik duintasunera

Behatokiak adierazi du nazioarteko erakundeek argi jokatzen dutela biktima guztien eskubideak zein «egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak» defendatzeko orduan. «Ez errepikatzeko oinarriak finkatzeko, garrantzitsua da horrelako kasuak gizarteratzea, belaunaldi berriek ere ezagut ditzaten», zehaztu dute oharrean. Hala, frankismoaren biktimen familiak «isiltasunetik» eta «beldurrak ezarritako ostrazismotik» atera daitezen, duintasuna berreskuratuz.

Eta berretsi dute «lapurtutako justizia berreskuratzeko» prozesu horiek instituzioetatik gidatu behar direla. Izan ere, azken urteetan «egia eta aitorpen soziala» berresteko pausoak eman diren arren, bada «gainditu gabeko ikasgai bat», Behatokiaren iritziz: justiziarako sarbidea.

«ez naiz hiltzen ezergatik desohoragarria»

Frankistek fusilatu zuten Eusko Jaurlaritzako sailburu bakarra da Alfredo Espinosa Oribe (Bilbo 1903 – Gasteiz, 1937), eta 36ko gerraren testuinguruan exekutatutakoen artean euskal instituzioetan kargurik garrantzitsuena zuena. Francisca Gomezekin ezkondua zegoen, eta bi seme-alaba zituen. Medikua zen lanbidez, eta, politikari dagokionez, Union Republicana alderdiko kidea. 

Espinosa Pobreen mediku gisa zen ezaguna, «haren sentiberatasun sozialagatik», Behatokiak azaldu duenez. Politika arloan, berriz, Bilboko Udaleko zinegotzi eta Burgosko eta Logroñoko gobernadore zibil izan zen. Eta, gerra hastearekin, Errepublikaren Defentsarako Bizkaiko Komisaria Nagusiko osasun ordezkari eta lurralde hartako Defentsa Batzordeko Komunikazioen zuzendari nagusi karguak izan zituen. 

Eusko Jaurlaritza sortzean, baina, hartara batu zen, Osasun sailburu gisa. Kargu hartatik, besteak beste, Euskal Unibertsitateko Medikuntza Fakultatearen eta Euskal Herriko Gurutze Gorriaren sorreran parte hartu zuen, Behatokiaren datuen arabera: «Baina, zalantzarik gabe, presoen bizi baldintzak hobetzeagatik nabarmendu zen gehien, bidegabekeriak zuzenduz eta jazarpenak saihestuz».

Garai hartako dokumentuen arabera, Espinosak 1936ko ekainaren 11n hartu zuen Warrior ontzia, Gorlizko erietxeko haurrekin batera, Frantzian osasun materiala erosteko asmoz. Berehala gudu zelaira itzultzeko asmoa zuen, eta ekainaren 21ean Tolosatik (Okzitania) Asturiaserako bidea egitekoa zen hegazkinez. Baina, Air Pyrenees konpainiako pilotu Jose Maria Yanguasek ─aurrez, besteak beste, Jose Antonio Agirre lehendakaria ere garraiatu zuenak─ saldu egin zuen, eta matxura baten aitzakiapean Zarauzko hondartzan (Gipuzkoa) lur hartu zuen.

1937ko ekainaren 22ko 'La Voz de España'. SANCHO EL SABIO FUNDAZIOA
1937ko ekainaren 22ko 'La Voz de España'. SANCHO EL SABIO FUNDAZIOA

Matxinatuek han atxilotu zituzten hura eta hegazkinean zihoazen gainerakoak. Gasteizera eraman zuten, eta Karmengo komentuan espetxeratu. Prozedura sumarisimo baten ostean, heriotza zigorra ezarri zioten, eta 1937ko ekainaren 26an fusilatu zuten. 

Hil aurretik idatzitako gutunetako batean, hala mintzatu zitzaion Agirre lehendakariari: «Esaiozu gure herriari Jaurlaritzako sailburu bat ausart bezala hiltzen dela. [...] Esaiezu ez naizela hiltzen ezergatik desohoragarria baizik eta guztiz kontrakoa, hainbeste urtetako borrokan legitimoki irabazitako beren askatasunak eta konkistak defendatzeagatik». 

Espinosa Oribe familiaren aurkako jazarpena, baina, ez zen Osasun sailburuaren exekuzioarekin amaitu. Behatokiak jaso duenez, hogei mila pezetako kalte ordaina eskatu zieten 1948an, 1949an eta 1959an, «erantzukizun politikoengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.