Gaur bete dira 74 urte Txomin Letamendi hil zenetik, polizia frankistak eragindako «tortura fisiko eta mental larrien» eta «espetxe baldintza penagarrien» ondorioz. Hain zuzen, haren heriotzaren urteurrenean, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak eta Letamendiren familiak jakinarazi dute kereila kriminal bat aurkeztu dutela Donostiako auzitegian gizateriaren aurkako krimenengatik.
Letamendi (Bilbo, 1901 - Madril, 1950) musikaria zen ofizioz, Eusko Gudarosteko komandante izan zen 36ko gerran, eta, behin hura amaituta, Euskal Informazio Zerbitzuentzat lan egin zuen, lehenik erbestean eta gero Hego Euskal Herrian. Lan horietan ari zela, 1946ko abuztuan atxilotu zuten lehen aldiz, Donostian, eta torturatu egin zuten. Matxinada delituagatik espetxeratu zuten behin-behinean, eta preso egon zen 1947ko maiatzera arte. Halere, inteligentzia zerbitzuentzat lanean jarraitu zuen, eta Bartzelonara joan zen. Irailaren hasieran, baina, berriz atxilotu eta torturatu zuten, eta horrek ondorio fisiko eta psikologikoak eragin zizkion.
Letamendiri bost urteko espetxe zigorra ezarri zioten «matxinatzeko konspiratzea» leporatuta, eta Bartzelonan, Madrilen eta Guadalajaran egon zen preso. Hala jaso da haren espetxealdia kereilan: «Beste preso batzuen adierazpenen arabera, ez zuen lortu espetxeko dinamikara egokitzea, eta pixkanaka axolagabetu egin zen, jateari ere uzteraino». Hala, egoera hartan, eta espetxean ez hiltzeko, urriaren 18an askatu zuten. Handik bi hilabetera hil zen.
Hala, Letamendik Donostian eta Bartzelonan jasandako «torturetan eta ondorengo homizidioan» zuzenean edo zeharka parte hartu zuten guztien aurka egin dute epaitegian, eta kereilan zehazki aipatu dituzte Jose Nogues Recco polizia inspektore nagusia eta Fernando Escudero Arcocha agentea. Horien zaintzapean zegoen Letamendi Bartzelonan torturatu zutenean.
Era berean, epaileari zenbait eskaera egin dizkiote eginbideei begira. Eskatu diote Nogues, Escudero, eta Letamendiri egindako «galdeketetan parte hartu zuten edo gertatutakoaren berri izan dezakeen oro» galdekatzeko, Letamendiren senideen eta gertatutakoaren berri izan dezaketenen adierazpenak biltzeko, eta beharrezko azterketa forentseak egiteko. Horrekin batera, eskatu dute froga gisa hartzeko Espainiako Gobernazio Ministerioko polizia artxiboak, eta desklasifikatzeko «errepresio egitura frankistako inteligentzia militarreko eta bestelakoetako dokumentuak».
Izan ere, Behatokiaren arabera, Lentamendi gizateriaren aurkako krimenen biktima izan zen, eta delitu horiek «preskribaezinak eta amnistiaezinak» dira, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legearen arabera. Halere, epaitegiek «entzungor» egin diote auzi horri orain arte, 1977ko amnistia legean zehaztutakoetara «makurtuta» eta ezarritako kereilak eta helegiteak atzera botata. Izan ere, Behatokiak salatu du uko egin diotela ikerketak egiteari, baita «kriminal frankistei epaiketak egiteari» ere. Kereilaren arabera, hori «guztiz desegokia» da zuzenbide estatu batean, baita nazioarteko legediaren kontrakoa ere. Hain zuzen, Nazio Batuen Erakundea eta nazioarteko beste zenbait erakundek kritikatu egin dute Espainiako amnistia legea aplikatzeko modua; besteak beste, argudiatu dute «inpunitate mekanismo bat» dela.
Gainera, «bereziki babesgabe» daude 1940ko hamarkadaren amaieran eta 1950ekoan eskubide urraketa oso larriak jasan zituzten frankismoaren biktimak, Behatokiaren esanetan, zailtasun handiak baitituzte justizia eta erreparazioa lortzeko. Izan ere, 36ko gerrako eta gerraosteko biktimei aitortza eta kalte ordainak emateko dekretuak ez ditu kontuan hartzen, ezta Eusko Legebiltzarrak onartutako 1960tik aurrerako estatuaren biktimen aitortzarako 107/2012 dekretuak eta 12/2016 legeak ere.
Hori ikusita, Giza Eskubideen Behatokiak adierazi du estatuaren biktima guztiek estaldura bera izan beharko luketela, kontuan hartu gabe «gertakariak zer garai historikotan edo zer egora politiko espezifikotan» izan ziren. Eta, beraz, borondate sendoa azaldu du bere esku dagoen guztia egiteko hala «zigorgabetasuna, estatu aparatuetako egileen estalketa eta sistema judizialaren inhibizioa frogatzeko» nola «biktimei justizia emateko».
Borondate horrekin lotuta dago auzia nazioarteko auzitegietara eramateko asmoa ere, uste baitu «Espainiako jurisdikzioak eskaintzen duen baino itxaropen handiagoa» eskaini dezaketela gizateriaren aurkako delituei aurre egiteko. Horretarako, baina, beharrezkoa da Espainiako bide judiziala osatzea.
Bigarren salaketa
Letamendirena ez da Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak babesten duen lehen kereila. Behatokiak ekainaren amaieran jakinarazi zuen lanari berrekingo ziola. Uztailean, haren babespean, Josu Mujika Aiestaranen senideek kereila bat aurkeztu zuten, hala nola ETAn infiltratuta aritutako Mikel Lejarza El Lobo-ren eta Espainiako Poliziako komisario Jorge Cabezasen aurka, 1975eko uztailaren 30ean Mujikaren hilketan parte hartzeagatik. Eusko Jaurlaritzak aitortua du Mujika motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktima izan zela, eta Lejarzak eta Cabezasek adierazi izan dute Mujikaren heriotza eragin zuen ekintzan parte hartu zutela.
Era berean, azaroan, Behatokiak Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesi eskatu zion zuzendu zezala Alfredo Espinosa Jaurlaritzako Osasun sailburu izandakoa aitortzeko ekinaldi instituzional bat. Hura 1937ko ekainean fusilatu zuten frankistek, eta xedea da Espainiako Gobernuak haren kontrako prozesua eta ezarritako heriotza zigorra deuseztatzea.