EAE-ANVren legez kanporatzea. Estrasburgoko Auzitegiaren epaia

Giza Eskubideen Auzitegiak berretsi egin du ANVren legez kanporatzea

Espainiako auzitegiek alderdia legez kanpo utzi zutenean hango kide eta hautagaien oinarrizko eskubideak ez zirela urratu dioEAE-ANV «Espainiako demokraziarentzat arrisku handia» zela esan du Estrasburgok

EAE-ANVren Barakaldoko egoitza, Baltasar Garzonen  aginduz itxi ostean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Renteria.
2013ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
EAE-ANV legez kanpo utzi zuenean Espainiak ondo egin zuela ebatzi du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Estrasburgok arrazoia eman dio beste behin Espainiari, eta Alderdien Legeari babesa berretsi dio, aurretik Batasuna auzian egin bezala. ANV «Espainiako demokraziarentzat arrisku handia» zela ebatzi du auzitegiak. Giza Eskubideen Aldarrikapeneko 10. eta 11. artikuluetan oinarrituz, alderdiaren legez kanporatzea eta desegitea bertan behera uzteko eskatzen zuen ANVk.Aldiz, Espainiak ez dituela adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna urratu ebatzi du, aho batez, Estrasburgok. Josep Casadevall, Alvina Gyulumyan, Corneliu Birsan, Luis Lopez Guerra, Nona Tsotsoria eta Kristina Pardalosek osatu zuten epaimahaia.

Biltzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna urratu direla zioen ANVk helegitean. Biltzeko eskubideari dagokion 11. artikulua aztertu ondoren,ANVren legez kanporatzea HBren eta Batasunaren legez kanporatzearen antzekoa dela dio Estrasburgok, eta, beraz, kasu haren norabide bereko erabakia hartu du. «Alderdiaren desegitea gizarte demokratikoa bermatzeko beharrezko tresna gisa har daiteke, segurtasun publikoari eusteko zein pertsonen eskubide eta askatasun publikoak babesteko». Horiek horrela, Hitzarmenaren 11. artikulua ez dela urratu ebatzi du Europako Auzitegiak.

Auzitegiak gogoratzen du gobernuak alderdi batean desegitea onartzeko aztertu behar direla haren estatutuak, baina baita haren adierazpen eta jardunak ere. Esku hartze horretan legea ez dela urratu azaldu du, legeak aurreikusten baitu esku hartze hori helburuak legitimoak direlarik. ANVk bortizkeria gaitzesten zuela ageri zen alderdiaren estatutuetan, baina, horrekin batera, haren jarduna aztertu behar dela dio auzitegiak. «Terrorismoa gaitzesteari uko egitea ez da aski epaitegiek alderdi bat legez kanporatzeko jukutria baliatu dutela pentsatzeko, baina gaitzespen argia egitea aski litzateke horrelako borondatea agerian uzteko. EAEk ez du horrelako gaitzespen argirik egin».Hainbat elementutan oinarrituz, Estrasburgok ondorioztatzen du ez direla bete Europako Hitzarmenaren 11. artikuluan ageri diren aipamenak baliatzeko, alegia, jardunean erabiltzen diren baliabideak bat egitea demokraziaren oinarrizko irizpideekin.

«Europako Hitzarmenaren 10. artikuluari doazkion gertakariak 11. artikuluaren azterketan hartu dira kontuan, eta, ondorioz, Auzitegiak ez du berezirik aztertuko, baizik eta 11. artikuluarekinbatera» ebatzi du Estrasburgok adierazpen askatasunari buruzko helegitea baztertzeko.

2008an legez kanporaturik

Espainiako Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak 2008ko irailaren 16an utzi zuen legez kanpo EAE, eta Konstituzionalak 2009ko urtarrilaren 29an berretsi zuen erabakia, Batasuna legez kanpoko alderdiaren segida zela egotzita.

1930. urtean sortu zen EAE, eta legez kanpo utzi zuten hirugarren aldia izan zen hura, errepublika garaian etafrankismoan ere halaxe egin baitzuten. 2007ko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztu zen EAE. Foru zerrenda denak baliogabetu zituen Espainiako Justiziak; herrietakoak, erdiak. Alderdiak, denera, baleko botoak eta baliogabeak barne, 190.000 herritarren babesa izan zuen.

EAEk bitan jo du Europako auzitegira. Alderdia artean legezkoa zela Espainiako auzitegiek 2007ko bozetara aurkeztutako 245 zerrendetatik 133 baliogabetu izana salatzera joan zen aurrena. Estrasburgok 2008ko abenduan eman zuen ebazpena, eta ez zion arrazoirik eman. Atzoko ebazpena kontuan izanik. Estrasburgoko auzitegiak hirugarrengoz egin du Espainiako Alderdien Legearen alde, alderdi abertzaleen helegiteak bertan behera utziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.